Marta Garayoa Guelbenzu Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Graduko 2. ikasmailako ikaslea izan da Android sistema duen tableta baten zozketaren irabazlea. Irakasleen irakaslana ebaluatzeko inkesta batean parte hartu duten Nafarroako Unibertsitate Publikoko 2.029 ikasleen artean egin da aipatu zozketa. Inkesta maiatzaren 7tik 18ra bitartean erantzun dute ikasleek, eta haren helburua da zentroan ematen den irakaskuntzaren kalitateari buruzko informazioa lortzea. Inkesta borondatezkoa da, eta era telematikoan betetzen da Ikaslearen Atariaren bidez. Atari hori Unibertsitatearen webgunean dago, eta ikasle bakoitzak bere sarrera-gakoa dauka.
María José Asiáin Irakasleen Gaietarako errektoreordeak parte hartu du Marta Garayoari tableta emateko ekitaldian.
Inkesta hauetako parte-hartzaileek zenbait atali erantzuten diete hainbat galderaren bidez, zeinetan irakasleak emandako irakaskuntzaren plangintza, garapena eta emaitzak aztertzen baitira. Hori guztia gogobetetasun orokorrari buruzko galdera batekin eta iradokizunen atal batekin osatzen da. Sistema honek duen abantaila da askoz ere azkarragoa eta ekonomikoagoa dela, eta ikasleek egin ditzaketen iradokizunak eta iruzkinak zuzenean igortzen zaizkiola irakasleari.
Ikasleek inkestan emandako datuak konfidentzialak dira, eta datu horiei esker Unibertsitateak nahikoa informazio biltzen du eskaintzen duen irakaskuntzaren kalitateari buruz, gero hobekuntzak egiteko. Horretaz gainera, inkesta hauen emaitzak aintzat hartzen dira NUPeko irakasle eta ikertzaileen jarduera ebaluatzeko prozesuan. Irakasleen Gaietarako Errektoreordetzak sustatu duen galdeketa honek Unibertsitateko Informatika Zerbitzuaren eta Kalitate Unitatearen lankidetza du.
Irakasleek ikasturteko eskolak amaitzean ezagutzen dituzte galdeketaren emaitzak. Irakasle bakoitzak erdietsitako emaitzak sail eta titulazio bakoitzak osotasunean erdietsitako emaitzekin alderatzen ditu Unibertsitateak. Horri dagokionez, kontuan hartu behar da irakasle bakoitzak, ematen duen irakaskuntzaren ebaluazio bikaina lortzeko, emaitza positiboa lortu behar duela ikasleei egindako gogobetetasun inkestan.
Gogora ekarri behar da aurreko ikasturtean 1.960 inkesta egin zirela, eta ekimenean parte hartzeko deian sartzen ziren lehen eta bigarren zikloetako, graduko eta Unibertsitate Masterreko ikasleen % 25,26 ordezkatzen dute.