Nafarroako Unibertsitate Publikoak erakusketa bat prestatu du duela 25 urte sortu zenetik gaur egun arte izan duen bilakaera erakusten duena. Erakusketa NUPen 25. urteurrena ospatzeko antolatu diren jardueretako bat da, eta Arrosadiko campuseko Ikasgelategian jarri da ikusgai. Asmoa da ondoren erakusketa eramatea Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolara, Barañaingo etorbidean dagoena, Tuterako campusera eta Iruñeko Udalaren Civivoxetara. Lehenbizi Kondestable jauregiko civivoxean jarriko da, eta han uda osoan zehar egongo da jarrita.
Erakusketaren izenburua "25 urte bizirik" da, eta lau paralelepipedotan egituratua dago. Lehenbizikoan NUPen sorrera eta eraikuntza prozesua erakusten da, eraikin esanguratsuenen obren irudiak eta Nafarroako Parlamentuak onetsitako Legea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman zenekoa, esaterako. Bigarren egitura Unibertsitatearen jarduera akademikoari buruzkoa da. Izan ere, daramatzan 25 urteetan ia 23.000 tituludun atera dira, eta gaur egun 18 gradu eta hogeita hamar bat master eskaintzen dira.
Ikerketa eta jakintza gizarteratzea da hirugarren paralelepipedoaren izenburua. Bertan aztertzen da ehun ikerketa taldek baino gehiagok Arrosadiko campuseko ikastegietan egindako lana: Agrobioteknologia Institutuan eta Jerónimo de Ayanz Elektronika eta Komunikazioetako I+G Zentroan. Azken panela ikasgeletatik haratagoko unibertsitate bizimoduaz ari da, eta bertan erakusten dira NUPen 1987an sortu zenetik egin diren kultura jarduerak, osasuna sustatzeko, gizarte ekintzako edo boluntariotzako jarduerak.
Erakusketan protagonismoa eman nahi izan zaie unibertsitate komunitatea osatzen duten kideei ere, eta horretarako, paralelepipedoetako bakoitzean ikasleei, irakasleei, administrazio eta zerbitzuetako langileei egindako elkarrizketak daude, eta Unibertsitateari buruzko bizipenak eta esperientziak azaltzen dira. Erakusketa osatzeko bideo bat prestatu da, non ibilbidea egiten baita NUPen bere 25 urteetan zehar egindako argazkiez baliatuz.