Joan eduki nagusira

zoom International Week-eko parte-hartzaileak Arrosadiko campusean.

International Week-eko parte-hartzaileak Arrosadiko campusean.

Europako hamar bat herrialdetako Administrazio eta Zerbitzuetako hainbat langile prestakuntza-bisita egiten ari dira aste honetan Nafarroako Unibertsitate Publikora Erasmus programaren bidez. NUPeko International Week 2012 astelehen honetan, maiatzaren 28an, hasi da, eta Javier Casalí Sarasíbar Nazioarteko Harremanetarako eta Lankidetzarako errektoreordeak ongi etorria eman die hasierako saioan. Aste osoan, Erasmus AZL Programako parte-hartzaileek Arrosadiko Campuseko instalazioak eta hainbat zerbitzuren funtzionamendua ezagutuko dituzte.

Programa hori Europako Unibertsitate Eremuko kide diren herrialdeetan dauden unibertsitateetako langileei zuzentzen zaie. Unibertsitate bakoitzeko AZLko kideek beste herrialde bateko unibertsitate batean aste bateko egonaldia egiteko aukera dute, kideekin zereginak partekatzeko eta erakunde hartzaileko praktika onak ikasteko, bai eta antolaketa metodologia, tresna edo forma berriak ezagutzeko ere.

Oraingoan, osotara Europako hamar herrialdetako 11 unibertsitatetakoak diren 14 pertsona etorri dira NUPera. Zehazki, honako unibertsitate hauetako langileak dira: Lazarsky University (Polonia), Mykolas Romeris University (Lituania), Escola Superior de Enfermagem de Lisboa (Portugal), Technical University Sofia (Bulgaria), ISM University of Managament (Lituania), University of Cumbria (Erresuma Batua), Tampere University of Technology (Finlandia), University of Vechta (Alemania), Malmö University (Suedia), Boku University (Austria) eta Universitat degli Study di Genova (Italia).

Programako parte-hartzaileek Nafarroako Unibertsitate Publikoko hainbat zerbitzuren funtzionamendua ezagutzeko interesa erakutsi dute. Zerbitzu horien artean daude Ikerketa, Informatika, Komunikazioa, Giza Baliabideak eta Ikasleak.

NUPeko International Week 2012 programa ostiralean, ekainaren 1ean, amaituko da, eta aste honetan talde bisitak egingo dira Liburutegira, Nazioarteko Harremanetako Zerbitzura, Ikasleentzako Argibide Bulegora edo Gizarte Ekintzarako Unitatera. Halaber, bilera espezifikoak antolatu dira parte-hartzaile bakoitzak eskatutako zerbitzuekin.

Hamar beka NUPen

Bestalde, Nafarroako Unibertsitate Publikoak hamar beka eman dizkie beste hainbeste langileri, Erasmus AZL programan parte hartzeko 2011-12 ikasturtean. Erasmus AZL prestakuntza bisitak egitera bideratutako diru-laguntzetarako deialdia egiten du urtero NUPek. Eskatzaileek baldintza batzuk bete beharko dituzte, hala nola ingeles maila onargarria izatea edo unibertsitate hartzaileak eskatutako lan egitasmoa onartzea.