Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Aitor Urrutia, Javier Goicocechea, Miguel Hernáez, Ignacio Matías, Patxi Arregui eta Pedro Rivero ikertzaileak

Ezkerretik eskuinera, Aitor Urrutia, Javier Goicocechea, Miguel Hernáez, Ignacio Matías, Patxi Arregui eta Pedro Rivero ikertzaileak

Nafarroako Unibertsitate Publikoko zenbait ikertzailek eraikuntza materialetarako estaldurak garatu dituzte, eguzki argiarekin elkarreragiten duten nanopartikulen bidez eta airean dauden gai kutsagarri jakin batzuk erreakzio kimiko baten bidez ezabatzen dituztenak. Kalkulatzen da atmosferaren kutsadura murriztu ahal dela sortzen diren nitrogeno oxidoen % 90, hidrokarburoen % 80 eta karbono monoxidoen % 75. Estaldura hauek Ecofotomat proiektuaren azken emaitza dira. Proiektu horretan Unibertsitatearekin batera parte hartu dute L’Urederra zentro teknologikoak eta Obras y Servicios TEX eraikuntza enpresak.

Javier Goicoechea ikertzaileak azaltzen duenez, estaldurek "efektu fotokatalitikoa duten nanopartikula berezi batzuk dituzte argiarekin elkarreragiten dutenak, eta ondorioz, hainbat erreakzio kimiko sorrarazten dituzte, airea garbitzen eta zikinkeria desegiten dutenak". Proiektu honetan hormigoia hartu da langai, eraikuntzarako oinarrizko materiala baita. L’Urederra enpresak nanopartikulak fabrikatzen ditu eta egokitu egiten ditu estalduretan jarri ahal izateko; eta TEX enpresak hormigoia eta eraikuntza materialari buruzko zehaztapen teknikoak jartzen ditu, proiektuaren azken helburua merkaturatu ahal den produktua lortzea baita: "Badira mota honetako estaldurak dauzkaten zeramikak, baina hemen hormigoiarekin eta disoluzio likidoekin lanean ari gara, azken estaldura pintura baten ahalik eta antzekoena izatea interesatzen zaigulako: obran jarri ahal dena, ez garestiegia, eta kanpoaldean luze irauteko besteko iraunkorra".

Goicoechearen ustez, "hoberena da oso estaldura meheez ari garela, mikra (metro baten milioirena) bat baino txikiagoak, eta materialaren profilera oso ongi egokitzen direnak. Adibidez, hormigoia beti da oso porotsua eta estaldura honek azalera porotsu hori guztia aktibo bihurtuko luke eguzkiaren argia hartzean". Gainera, estaldura gai da azaleran itsasten diren konposatu kimiko batzuk degradatzeko ere, eta horrela, eragozten du bakteriak, onddoak, eta abar ugaltzea.

Iraunkortasuna eta frogak

Iraunkortasunari dagokionez, estaldura material inorganikoz osatua dago. "Pixkanaka askatuz doan eta une batean agortzen den bakterioen aurkako eragile batekin estaldura egiten denean ez bezala, honek ez du eraginkortasuna galtzen —azaltzen du ikertzaileak—. Kasu honetan, materialak berak dauka propietate hori: eguzkiaren argia jasotzean, aireko gai kutsagarriak, zehazki monoxidoak eta nitrogeno oxidoak, erasotzen dituen erradikal askeak sorrarazten ditu bere azaleran. Lortu behar duguna da matrize bat aski gogorra eta iraunkorra nanopartikula horiek azaleran geldiarazteko, eta estaldura horrek irautea, eta hori guztia arrazoizko kostu batekin egitea".

Proiektuan jardun duen NUPeko ikertzaile taldea honako hauek osatzen dute: Pedro Rivero kimikariak; Natxo Matías eta Miguel Hernáez telekomunikazio ingeniariak; eta Patxi Arregui eta Javier Goicoechea industria ingeniariak. Gasen murrizketa neurtzeko laborategirik ez dutenez, proba estandarizatu bat egin dute, tinta urdinkara bat jarriz estaldura ezarri zaion hormigoiaren azaleran. "Hormigoia argiaren pean jartzen denean, ikus daiteke estaldura duen guneak nola suntsitzen duen tinta, eta aldiz, ez du aldaketarik sorrarazten gainerako azaleran. Tinta degradatzean, kalkulatu dezakegu argia jasotzean estaldurak nola eragiten duen eta degradatzen dituen airean dauden gai kutsagarriak eta itsatsita dauden zenbait konposatu", diote.

Ecofotomat diruz lagundu dute Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak eta Eskualdeak Garatzeko Europar Funtsak, eta egiteko epea 2013ko ekainean bukatzen da; hala ere, NUPeko ikertzaileek proiektuan duten egin beharrekoa bukatua dago. Proiektu hori INNPACTO programan sartzen da, eta programa hori Ministerioak deitzen du ikerketa erakundeen eta enpresen arteko lankidetza proiektuak sustatzeko xedez. Izan ere, I+G+b proiektuak egin nahi dira elkarlanean, jarduera berritzailea sustatzeko, inbertsio pribatua mugitzeko eta enplegua sortzeko.

"Idealena litzateke proiektu honek bigarren fase bat edukitzea haratago joan ahal izateko —bukatzen du Javier Goicoecheak—. Gure lana izan da merkeak eta iraunkorrak diren hainbat matrize garatzea, zeren eraikuntzan beti ibili behar baikara oso tarte txikiekin, kostu murritzekin, eta hogei eta hogeita hamar urte bitarteko bermearekin. Esaterako, ez daukagu fatxada oso bat estaldura jarri eta nola eragiten duen ikusteko. Egiazko zahartzea ikusi nahiko bagenu, denbora pasatzen utzi beharko genuke edo bizi-test azkar bat egin beharko genuke, ikusteko zein estaldurak irauten duen luzaroago, eta, beharbada ikusi zein estaldura den egokiagoa muturreko klima batean edo bestean".