Espainiako Unibertsitateen Errektoreen Konferentziak (CRUE) biltzar orokorra egin zuen joan den maiatzaren 4an, Murtzian, eta Unibertsitateen Kontseiluaren aparteko bilera eskatzea erabaki zuen -eskaera maiatzaren 7koa da-, gai bakarreko gaiarekin eguneko aztergai-zerrendan: apirilaren 20ko 14/2012 Errege Dekretu-legea aztertzea eta eztabaidatzea, honen aplikazioak berebiziko kezka sortu duelako unibertsitateetan. Unibertsitateen Kontseiluaren Arautegiak ezarritakoaren babesean egin zen eskaera, eta bileran egon ziren 59 errektorek izenpetu zuten. Hori baino lehenago CRUEko buruak egin zuen, baina ez zen aintzat hartua izan.
Harrigarriro, Unibertsitateen Kontseiluko errektoreei deialdia egin zitzaien, baina ohiko bilera egiteko; aztergai-zerrendan ez zegoen, gainera, errektoreen eskaeraren puntu nagusia, eta bai, aldiz, tramiterako hainbat gai. Hori gutxi balitz, eskaeren eta galderen puntua kenduta zegoen aztergai-zerrendatik, gogoeta eta eztabaida galarazteko, noski.
Hala ere, CRUEk, irtenbideak bilatzeko eta hainbestetan eskatzen ari den elkarrizketari hasiera emateko, jakinarazi zion Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroari joango zela atzo maiatzaren 23an egitekoa zen Unibertsitateen Kontseiluaren bilera horretara, baldin eta konpromisoa hartzen bazuen eskatutako Unibertsitateen Kontseiluaren aparteko bilerarako deialdia egiteko, 14/2012 Errege Dekretu-legea eztabaidatzeko. Errektoreen iritziz, ministroaren isiltasunak eta ukoak Unibertsitateen Kontseiluaren arautegia urratzen du, eta gainera errespetu falta bat da unibertsitate komunitate guztiarentzat -ikasle, irakasle eta administrazio eta zerbitzuetako langileentzat-. Horregatik erabaki zuten atzoko Unibertsitatearen Kontseiluaren bilerara ez joatea.
Azkenik, inolako erantzunik ez dagoenez, errektoreek premiaz eskatuko dute Gobernuaren lehendakariarekin bilera bat egiteko.