Osotara hamar ikasle atzerritar parte hartzen ari dira Nafarroako Unibertsitate Publikoa ematen ari den Enpresaren Kudeaketa, Antolaketa eta Ekonomiako Masterrean. Graduondoko ofizial hori unibertsitateartekoa da, eta Bartzelonako Unibertsitatearekin eta Balear Uharteetako Unibertsitatearekin batera eskaintzen da. Ikasturte honetan masterrean matrikulatu diren hamalau ikasleetatik hamar atzerritzarrak dira, eta herrialde hauetatik datoz: Errumania (2), Herbehereak, Kolonbia, Txina, Lituania, Grezia, Alemania, Siria eta Albania.
Graduondo honetako irakaskuntza osorik ingelesez ematen da, aurrena Bartzelonako Unibertsitatean, gero NUPen, eta, azkenik, Balear Uharteetako Unibertsitatean, non aurkeztuko baita Master Amaierako Lana. Matrikulatutako ikasleak Iruñean izango dira apirilaren 15etik maiatzaren 31ra arte. Denbora tarte horretan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek prestakuntza emango diete masterreko dozena erdi bat irakasgairi buruz. Irakasgaiak masterreko bost modulutan banatuta daude eta hainbat gairi buruzkoak dira; esaterako, giza baliabideak, ekonomia estrategikoa, finantzak, ekintzailetza, ekonometria eta marketina. Teresa García Marco Enpresen Antolaketako irakaslea da NUPeko masterraren irakaskuntza zuzendaria.
Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan, Ekonomian Industria Ingeniaritzan eta gisako arloetako ingeniaritzetan lizentziadunak edo graduatuak direnei zuzentzen zaie graduondoko ofizial hau. Halaber, master hau egiteko aukera dute gai horiekin lotutako jakintza-arloetako ikasketetan titulua duten beste herrialde batzuetako unibertsitate tituludunek. Master honetan izena eman dutenei ingeles maila aurreratua edukitzea aholkatzen zaie (Erreferentziako Europako Esparru Komuneko B2-1 maila).
Master honen helburu nagusia da profesionalak prestatzea erakundeen azterketan, halako oinarri kontzeptual eta kualitatiboaren bidez, ahalbidetuko diena analisiak egiten eta jarduketak bultzatzen enpresa, gobernu eta nazioarteko erakundeentzat. Enpresa baten estrategia eta giza baliabideen antolaketa diseinua eta estrategia analizatzeko eta haien emaitzak neurtzeko gai izan behar dute graduondo honetako tituludunek.
Halaber, tituludunek prestakuntza jasoko dute ezagutza horiek guztiak ekonomia-erakundeekin lotutako ikerketa eta analisirako lerro propio aurreratuak garatzen aplikatzeko, eta enpresen arazoak konpontzera, beren barne efizientzia hobetzera edo garatzen diren gizarte-ingurunera egokitzera bideratutako politiken eta praktiken balioespenak egiteko.