Joan eduki nagusira

zoom Txuri Ollo Gorriti

Txuri Ollo Gorriti

Txuri Ollo Gorriti Geografia eta Historian lizentziadunak eta Irakasletzan diplomadunak Nafarroako Unibertsitate Publikoan defenditu du bere doktoretza tesia, honako izenburu hau duena: "Boterea, diskurtsoa eta subjektibitatea. Nikaraguarren migrazio esperientzia Nafarroan". Ikerketa lan honetan migrazio prozesuen arrazoi estrukturalak aztertzen dira eta bazterketa/gizarteratze mekanismoen funtzionamendua ulertu nahi da.

Ikerketa lau multzo handitan egin da. Lehenbizikoan, lanean erabilitako metodologiari buruzkoan, europar migrazio mugimenduen testuinguru teoriko eta historikoa aztertzeaz gain, sakoneko elkarrizketak, bizikidetza, behaketa parte-hartzailea eta eztabaida taldeak sartzen dira. Bigarren multzoan europar migrazio politiken azterketa xeheagoa eskaintzen da; hirugarrenean, Nafarroan egiten den politika horien aplikazioa; eta azkenean, ikerketaren ondorioak aurkezten dira.

Egileak azaltzen duenez, aztertutako taldearen migrazio esperientzia positiboa da, gatazkak eta bidegabekeriak badauden arren. "Gizabanako gisa inmigrazioa aukera positiboa bada ere, inguru hurbilenekoari onura ekartzen diolako; ez dakar, ordea, berez onura orokorrik jatorrizko gizartearentzat, egitura ekonomikoak eta ideologikoak berdin- berdinak izaten jarraitzen dutelako. Era berean, inmigrazioa hartzen duen gizartearentzat "onura ekonomikoak ekartzen ditu, baina klase, etnia eta genero arteko bereizketak mantendu egiten dira, eta areagotu ere bai".

Migrazio politikari dagokionez, azpimarratzen du egoera irregularra den artean ezartzen direla, neurri handi batean, botere eta menderatze mekanismo guztiak: "Identifikatua, geldiarazia, edo kanporatua izateari zaion beldurrak, fisonomiagatik susmagarria izateari zaion beldurrak, gorpuzten du ezarritako arauen barnean ez egotearen eta lan baldintza duinak eskatzeko eskubiderik ez duten langileak izatearen errua. Mendekotasun era onespen aldi bat da, eta pertsona indartsuenak eta sendoenak gaindituko dute".


Generoa eta kulturartekotasuna


Bere azterlanean, Txuri Ollok generoaren gaia ere aztertu du eta azken urteotako migrazioaren feminizazioa nabarmendu du. Zehazki, nikaraguarren kolektiboan, iritsi berri diren etnia taldeetako batean, Nafarroan emakumezkoak dira % 77a, eta etxeko lanetan eta mendekotasuna duten pertsonen arretan jarduten dute. "Emakume inmigranteak indartuta ateratzen dira esperientzia honekin —dio— beren autonomia eta autoestimua handiagoa sentitzen dutelako beren independentzia ekonomikoaren bidez”.

Bestalde, ikerketak kulturartekotasunaren abantailak egiaztatzen ditu kulturaniztasunarekin alderatuz. Kulturartekotasuna taldeen arteko harremanetan oinarritutako gizarte eredua da, non aniaztasuna aitortzen den eta desberdintasunen errespetutik abiatzen den, eta esparru berean bizi diren taldeek berdintasunean negoziatu behar duten. "Kulturartekotasunaz mintzatzea integrazioaz mintzatzea ere bada, baina ezin da erabateko integrazioaz mintzatu ez dagoenean berdintasunezko hiritartasuna eta kategoria baztertzaileak eratzen dituen atzerritarren legea dagoenean" dio. Hala ere, dioenez, "kulturartekotasun esparru txikiak eratuz doaz iristen diren gizartean eta instituzioek eta komunikabideek ezarri nahi dituzten hesiak hausten dira".

Laburbilduz, uste du migrazio fluxuak harremanean jartzen dituztela bi gizarteetako genero, klase eta etnien arteko desberdintasunak, kapitalen, ondasunen, baliabideen, informazioaren eta ideologien fluxuen bidez, sistema horiek harreman dinamiko eta aldakorren multzo gisa ulertuta. Eta gainera, "genero sistema sendotzen duten egitura ideologikoak hain agertzen dira egonkor, ezen etxeko talde barnean harreman ekonomikoak aldatu arren, orokorrean ez den gertatzen berdintasun handiagoa genero eta klase arteko harremanetan".

Txuri Ollo Gorritiren doktoretza tesia Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Laneko Saileko Kepa Fernández de Larrinoa antropologia irakasleak zuzendu du, eta bikain cum laude kalifikazioa erdietsi du. Antropologian doktore honek Irakasletza ikasketak bukatu zituen 1984. urtean eta Geografia eta Historian lizentziadun egin zen (UPV/EHU) 1997. urtean 2009an jaso zuen Ikertzeko Gaitasunaren Aitortza eta Ikasketa Aurreratuen Diploma Gizartean eta Kulturan, Gizarte Antropologiaren Jakintza Arloari lotuta. Irakasle lanetan jardun du Paz de Ziganda ikastolan (Nafarroa), Yalí eta Condegan (Nikaragua) eta Ekuadorreko Sucumbíos eskualdean. 2009. urtetik irakasle elkartu gisa jarduten du NUPeko Gizarte Laneko Sailean, eta lankidetzan jardun du Fernández de Larrinoa irakaslearekin batera "Sucumbíos eskualdeko afroekuatoriarren herria eta nazionalitateen kultura, hezkuntza eta garapenari balio berria emateko ikerketa" izeneko proiektuan.