Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2012ko Sormen Sarietarako deialdia egin du. Sariketa horren xedea da unibertsitate komunitateko jarduera artistiko eta kulturala hainbat eremu artistiko eta kulturaletan sustatzea eta hedatzea. Gizarte eta Kultura Proiekziorako Errektoreordetzak sustatzen du lehiaketa, eta sei sail biltzen ditu: poesia gaztelaniaz eta euskaraz, narratiba gaztelaniaz eta euskaraz, argazkigintza eta Campus Music. Eskabideak aurkezteko epea heldu den urriaren 31n bukatzen da.

Sormen Sariak irekita daude Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleentzat, irakasle eta ikertzaileentzat, administrazio eta zerbitzuetako langileentzat, ikasle ohientzako Alumni programako kideentzat, eta, halaber, Esperientziaren Gelako, Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiko eta Praktika Juridikoko Eskolako ikasleentzat.

Sail bakoitzean 1.000 euro banatuko dira; 700 irabazlearentzat, eta 300 bigarren sailkatzen denarentzat, Campus Music sailean izan ezik. Kasu honetan, sari bakar bat ezarri da irabazten duen taldearentzat; izan ere, disko bat grabatzea Marearen R5 estudioan. Epaimahaiak, gutxienez ere hiru kide izango dituenak, eman gabe utz dezake lehen saria, eta bi akzesitetan banatu.

Poesia lehiaketan parte hartzen dutenentzako oinarrietan ezarrita dago parte-hartzaileek argitaratu gabeko lan jatorrizkoak aurkeztu behar dituztela, hiru poesia multzotan, bakoitza gutxienez 14 bertsotakoa, eta gehienez 50ekoa. Narratiba lehiaketen kasuan, lanek, era berean, jatorrizkoak izan behar dute, 3 foliotik gorakoak eta 20 foliotik beherakoak.

Argazki lehiaketaren edizio honetarako hautatu den gaia Nafarroako Unibertsitate Publikoa da, aurten bere sorreraren 25. urteurrena ospatzen baitu. Irudiak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izango dira, kolorez edo, bestela, zuri-beltzez eta, gehienez ere, 30 x 40 cm-ko neurrikoak. Lehiakide bakoitzak hiru argazki aurkezteko aukera du, gehienez.

Azkenik, Campus Music sailean solistek eta taldeek parte hartu ahalko dute (aurkezpena egiteko unean, gutxienez kideetatik bat unibertsitate komunitateko kide izan behar da) eta emanaldia, jendearentzako ekitaldi irekian egingo da, azaroan edo abenduan ikasgelategiko kafetegian. Talde bakoitzaren emanaldia gutxienez ere 15 minutukoa eta gehienez ere 30 minutukoa izango da. Parte-hartzaile kopuruaren arabera, epaimahaiak beretzat gordetzen du lehiaketa aldian parte hartuko duten lehiakideen aldez aurreko hautaketa egiteko eskubidea, aurkezten dituzten grabazio edo maketetan oinarrituta. Talde irabazleak kontzertua eman beharko du 2012-13 ikasturtean, Unibertsitateak erabakiko dituen egun-ordu eta tokian.

Oinarri guztiak http://www1.unavarra.es/cultura/ Unibertsitatearen webgunean daude kontsultatzeko, edo, bestela, Kultura Jardueren Bulegoan (Ikasgelategiko 019. ikasgelan) jasotzeko. Lanak aurkezteko tokiak eta epea: Unibertsitateko Erregistro Orokorrak, Iruñeko eta Tuterako campusetan, heldu den urriaren 31ko 14:30ak baino lehen.