Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Urra, Ramírez, Mas, Vera eta López, kanpainaren aurkezpenean

Ezkerretik eskuinera, Urra, Ramírez, Mas, Vera eta López, kanpainaren aurkezpenean

Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Odol Emaileen Elkarteak (ADONA) kanpaina bat jarri dute martxan unibertsitateko ikasleek (ia 8.200) odola eman dezaten. Kanpainaren lema: “Gorria bizi-bizi”. Nafarroako Gobernuak laguntzen duen Unibertsitate Osasuntsurako II. Planekoa da ekimena. Besteak beste, argazki-lehiaketa bat antolatu da, eta datorren ostegunean (hilak 17) odol-erauzketak egiteko unitate mugikor bat joango da Arrosadiako kanpusera.

Gaur, maiatzak 14, eman dute horren berri, prentsaurreko bidez, Eloísa Ramírez Vaquerok (Unibertsitateko Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordea), Marta Vera Janínek (Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilaria), Jesús María Mas Cibriánek (Nafarroako Odol Emaileen Elkarteko —ADONA— presidentea) eta NUPeko ikasle eta odol emaileak diren Maider López Olaizek, Gizarte Lanekoak, eta David Urra Gimalek, Soziologia Aplikatukoak.

Kanpainaren helburua da odol-emaile berriak lortzea unibertsitateko ikasleen artean, eta aurreiritzi okerrak baztertzea, ADONAko arduradunen esanean aurreiritzi horiek bizirik baitiraute gazteen artean. Formula erraz hau azpimarratzen du ekimen honetako kanpainak: pertsona batek 18 urte edo gehiago baditu, gutxienez 50 kilo pisatzen baditu eta osasun ona badu, tatuajeak edo piercing-ak izan edo ez, odol-emaile izan daiteke. “Banatu zure bizi-poza. Ausartu zaitez eta eman odola!” lemaren bidez, odola erauzteko unitate mugikorrera joateko eskatzen zaie ikasleei. Ostegunean, maiatzaren 17an, egongo da unitatea unibertsitateko ikasgelategiko kafetegiaren parean, goizeko 9:00etatik 13:00etara.

Arrosadiako kanpuseko unitate mugikorraz gain, argazki-lehiaketa bat ere antolatu da kanpaina honetan. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleentzat da lehiaketa. Helburua: gorria protagonista duten irudi berriak eta argitaragabeak —“Gorria bizi-bizi” lema irudikatzeko baliagarriak, betiere— jasotzea. Argazkiak aurkezteko epea maiatzaren 25ean, ostirala, gaueko hamabietan, amaitzen da. Partaide guztien artean iPAD 2 bat (tableta bat) zozkatuko da.

Parte hartu nahi dutenek nahi beste argazki bidal ditzakete, posta elektronikoz info@adona.es helbidera. Argazkiarekin batera, haren izenburua, egilearen izen-abizenak, helbidea, telefono-zenbakia eta helbide elektronikoa ere jarri behar dira. Maiatzaren 28an egingo da zozketa, eta ADONAk beretzat gordetzen du argazkiak behar dituen sustapen guztietarako erabiltzeko eskubidea.

Kartelak eta liburuxkak

Panel estatikoak egin dira kanpainarako, eta datozen bi asteetan Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasgelategiaren sarreretan egongo dira. Halaber, kartel dinamikoak ere egin dira, eta Iruñeko bi kanpusetako hainbat eraikinetan dauden pantailetan izango dira ikusgai. Horrez gain, informazio-liburuxkak ere argitaratu dira. Elementu guztiak kolore gorria oinarritzat hartuta diseinatu dira. Gorria bizi-indarraren adierazgarria da, eta, odola sinbolizatzeaz gain, alaitasuna, pasioa, maitasuna, jaia, arrakasta eta abentura ere adierazten ditu. Horretarako, kolore gorria duten irudiak erabili dira, hala nola sanferminetako zapi bat, gereziak eta sagar bat.

Unibertsitate Osasuntsurako Plana

Odola ematea sustatzeko kanpaina hau —ADONArekin lankidetzan antolatua, lehenbizikoz— 2010-2015 Unibertsitate Osasuntsurako II. Planean sartzen da. Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak eta Unibertsitateak 2005ean sinatutako hitzarmenaren ondorioa da Plana, eta programa zabala du.

Unibertsitatean ikasten eta lan egiten duten taldeei ingurune osasungarria eskaintzea du helburu planak, garapen pertsonalerako/sozialerako eta harremanetarako eremu fisiko eta psikologiko bikaina garatzeko. Bestalde, beste gai batzuekin lotzen du ingurune hori Planak; adibidez, ingurumenarekin eta jasangarritasunarekin, generoen arteko harremanekin, irisgarritasun fisikoarekin, pertsonen arteko harreman positiboekin, elkartasunarekin eta kulturartekotasunarekin.

Planaren beste helburuetako bat da curriculum-diseinuak ezartzea, esplizituki edo zeharka osasunaren sustapenarekin lotuta daudenak alegia, bai ikuspuntu akademikotik bai ikerketarenetik. Unibertsitate Osasuntsurako Planak, bestalde, unibertsitate-komunitateko kolektiboak —ikasleak, bereziki— trebatzea, informatzea eta heztea du helburu, bizimodu osasuntsuagoa, arduratsuagoa eta autonomoagoa izan dezaten, osasunari eta bizimoduari eragiten dioten balioen eta baldintzen azterketa kritikoa eta zuhurra bultzatuz.

ADONA, Nafarroako Odol Emaileen Elkartea, 1957an sortu zen; 39.800 emaile ditu erregistratuta, eta horietatik 28.000 aktibo daude. Elkartearen helburu nagusia da odol-emateak sustatzea. Horretarako, hainbat jarduera egiten dituzte; esaterako, Emailearen Eguna ospatzen dute, odola emateari buruzko informazioaren berri ematen dute, emaile berriak erakartzeko eta trebatzeko kanpainak egiten dituzte eta abar.