Joan eduki nagusira

zoom Ikasleak Nafarroako Unibertsitate Publikoko campusean, Iruñean.

Ikasleak Nafarroako Unibertsitate Publikoko campusean, Iruñean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak graduko 1.760 ikaspostu eta unibertsitate masterretako 868 ikaspostu eskainiko ditu osotara 2012-13 ikasturterako. NUPeko Gobernu Kontseiluak onetsi du ikaspostuen eskaintza, eta orain Nafarroako Gobernuari igorriko zaio erabakia, berak behin betiko onets dezan.

Datorren ikasturteko graduetan, berrikuntzen artean Elikagaien Prozesuen eta Produktuen Berrikuntzako Gradua (50 ikaspostu), eta industria ingeniaritzaren eskaintzaren berrantolamendua daude. Unibertsitate Kontseiluak eman behar dio egiaztapen positiboa lehen aipatutako graduari, eta ondoren Nafarroako Gobernuak baimena. Berrantolamenduari dagokionez, Ingeniaritza Elektromekanikoaren ordez, bi gradu egongo dira: Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Gradua (60 ikaspostu) eta Ingeniaritza Mekanikoko Gradua (90). Unibertsitate Kontseiluaren egiaztapen positiboaren eta Nafarroako Gobernuak baimenaren zain daude hauek ere. Gainera, Industria Teknologietako Ingeniaritzako Graduak ikasle gehiago hartuko ditu 1. ikasmailan, eta oraingo 60 ikasleetatik 150 ikasletara pasatuko da. Tuterako campuseko Ingeniaritza Gradua Diseinu Mekanikoaren kasuan ere ikasle kopurua handiagotuko da (hamar ikasle, kasu honetan), eta 50 ikasletatik 60 ikasletara pasatuko da.

Ikastegien arabera, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa izango da, gradu titulazioetan, ikaspostu berri gehien edukiko duena, 570 edukiko baititu osotara. Ondoren Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatea dator, 440 ikasposturekin; Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea, 290 ikasposturekin; Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskola, 160rekin; eta bukatzeko, Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa eta Zientzia Juridikoen Fakultatea datoz, biek 150 ikasposturekin.

Ikasposturik gehien eskaintzen duen gradua Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza da, 200 eskaintzen baititu. Ondoren Lehen Hezkuntzako Irakasletza dator, 180rekin. Aitzitik, gutxien eskaintzen dituztenak hauek dira: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta Zuzenbidea gradu bikoitza, zeinean 35 ikaspostu baitaude, eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta Ekonomia nazioarteko gradu bikoitza, honek 45 ikaspostu baititu.

Erreserba kupoak

Erabaki honen beraren barruan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak 2012-13 ikasturteko ikaspostuen erreserba kupoak onetsi ditu. Zehazki, ikaspostuen % 3 erreserbatuko dira 25 urtetik gorakoentzat, 45 urtetik gorakoentzat, lan-esperientzia eta esperientzia profesionala dutela egiaztatzen duten 40 urtetik gorakoentzat, goi mailako eta errendimendu handiko kirolarientzat, titulazio guztietan (Fisioterapian izan ezik), eta unibertsitateko titulazioa edo horren baliokidea duten ikasleentzat. Fisioterapia Graduan sartzeko, ehuneko hori % 5era igoko da ezgaitasuna duten pertsonen eta goi mailako eta errendimendu handiko kirolarien kasuan. Bestalde, 2012-13 ikasturtean eskainitako ikaspostuen % 5 gordeko da espedientearen lekualdatzearen bidez lehen eta bigarren zikloetan iraungitzen ari diren ikasketetara sartzeko.

Beste alde batetik, onetsi da, baita ere, 25 ikaspostu berri erreserbatzea Informatika Ingeniaritzako 2. ziklorako. Titulazio hau ez zaio egokitu Europako Unibertsitate Eremuari eta iraungitzeko prozesuan dago.

Unibertsitateko masterretako ikaspostuak

2012-13 ikasturtean emango dituen 29 unibertsitateko masterretarako eskaintza ere onetsi du Gobernu Kontseiluak. 868 ikaspostu dira osotara. Ikasposturik gehien eskaintzen duen masterra Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Prestakuntzakoa da, 100 eskaintzen baititu, eta gero Abokatutzarako Sarrerakoa (Unibertsitate Kontseiluaren egiaztapenaren eta Nafarroako Gobernuaren baimenaren zain), zeinean 70 eskaintzen baitira. Master horietatik, bederatzi unibertsitateartekoak dira eta NUPek ikaspostu kupo jakin bat dauka.