Joan eduki nagusira

zoom Saritutako taldeko kideak Julio Lafuente NUPeko errektorearekin eta Universiako ordezkariekin batera.

Saritutako taldeko kideak Julio Lafuente NUPeko errektorearekin eta Universiako ordezkariekin batera.

NUPen aurkeztu den “Mahei Games, errealitate handiagotuaren eta bideojokoen aplikazioak” izeneko proiektuak irabazi du enpresa-proiektu onenari saria UniPROYECTAren laugarren edizioan, eta lehiaketaren helburua da Espainiako unibertsitate komunitatean espiritu ekintzailea sustatzea. Lehiaketa hau Ikasleen Gaietarako Unibertsitateen Sareak —Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziaren sektore-batzordeak— eta Universiak antolatzen dute. Saria emateko ekitaldia joan den ostegunean egin zen Murtzian, Universiako akziodunen batzar nagusiarekin batera.

Zehazki, enpresa-proiektu onenari saria, 10.000 eurokoa, jaso dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko María Llorente García Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako 4. mailako ikasleak, eta Héctor Agustín Lana, Miguel Ángel Llorente García eta Eneko Vélez Yoldi Informatika Ingeniaritzako 5. mailako ikasleek. Mahei Games 2011ko irailean abian jarri zen, eta urte horren amaieran hautatuak izan ziren Yuzz enpresa talentu azelerazioaren lehiaketan, eta horri esker enpresa prestakuntza eta beren proiektuei buruzko aholkularitza jasotzen ari dira CEIN zentroan.

zoom Ezkerretik eskuinera, María Llorente, Eneko Vélez, Miguel Ángel Llorente eta Héctor Agustín.

Ezkerretik eskuinera, María Llorente, Eneko Vélez, Miguel Ángel Llorente eta Héctor Agustín.

Ekintzaile hauek bideojokoen eta teknologia berrien jarraitzaile sutsu gisa agertzen dute beren burua, eta horrek eraman zituen “Creature Trainer” lehen proiektua garatzera; izan ere, Android plataformarako online guduen bideojoko sozial bat. Geroago errealitate handiagotuko bideojokoak garatzen hasi ziren, eta horiek aukera ematen dute mundu errealeko inguru fisiko baten ikuspegi zuzena edo zeharkakoa elementu birtualekin tartekatzeko. Horrela sortu ziren “Puzzle Camera” (puzzlea osatzean, sakelako kameratik jasotzen den errealitatea ere birsortzen duzu), eta “Domino AR” (errealitate handiagotuko bideojokoa, domino fitxekin kateak eroraraztean datzana). Eta urte honen otsailean kontratu bat sinatu zuten Papaya Mobile enpresarekin —Txinan bideojokoak banatzen dituen Silicon Valleyko enpresa— lehen hiru produktu hauek banatzeko.

Héctor Agustínek azaltzen duenez, "gure negozio lerroak zabaltzea erabaki dugu eta errealitate handiagotua bideojokoei aplikatzeaz gain, beste produktu batzuei ere aplikatzea, esaterako, liburu, aldizkari eta prentsari; edo probagailu birtualen bidez, eta aplikazio horiekin hainbat motatako betaurrekoak probatu etxetik mugitu beharrik gabe". Izan ere, jada badute prototipo bat errealitate handiagotua medikuntza liburuetan aplikatzeko: "aplikazio honetan zure sakelakoarekin hezurrak eta organoak ikus ditzakezu, haiek eskalatan jarri, haiek biratu, edo, are, haien barnean sartu". Kutxak edo latak bezalako objektuak erabiliz, errealitate handiagotua publizitatearen mundura aplikatzeko prototipoak ere badauzkate.

UniPROYECTA lehiaketan parte hartzen duen unibertsitate bakoitzak bere unibertsitatean lehiaketara aurkeztu diren proiektuetako bat hautatzen du, ondoren nazioko fasean gainerako unibertsitate-proiektuekin lehiatzeko. Mahei Games proiektua NUPen hautatu zen edizio honetan aurkeztu ziren hamabi proiektuen artetik. Proiektuak ebaluatzeko irizpideen artean daude produktu edo/eta zerbitzuaren eta erabilitako teknologiaren berrikuntza-maila, proiektuaren garapen-maila eta enpresa-bideragarritasuna, aniztasuna kudeatzera bideratutako enplegua sortzea, enplegua sortzeko gaitasuna eta enpleguaren kalitatea, errentagarritasuna eta garatzeko eta hazteko ahalmena, nazioartean zabaltzeko ahalmena, baliabide eskuragarriak baliatzea, ekintzaileen egiazko engaiamenduaren maila, proiektuaren Erantzukizun Sozial Korporatiboa eta jasangarritasuna.