Nafarroako Unibertsitate Publikoak graduondoko irakaskuntzei eskainitako aurtengo lehen Ateak Zabaltzeko Eguna, larunbat honetan, maiatzaren 5ean. Informazio-saio bat izango da, NUPek 2012-13 ikasturtean eskainiko dituen unibertsitate master ofizialak eta ikasketa berekiak aurkeztuko dituena. Saioa tituludunei, azken ikasmailako ikasleei, profesionalei eta hauetako titulazioren batean matrikula egiteko interesa daukaten guztiei zuzentzen zaie. Ordutegiak eta ikasgelak ondoko helbide honetan daude ikusgai: www.unavarra.es
Saioa hasteko, unibertsitate masterrak aurkeztuko dira, fakultateka eta eskolaka. Ondoren, interesa duten pertsonek informazio gehiago jasoko dute, ikasgeletan, titulazio bakoitzari buruz. Jardunaldia Arrosadiko campuseko hainbat gunetan garatuko da, eta Osasun Zientzien eraikinean, non Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako masterrak aurkeztuko baitira.
Jardunaldian errektoretza taldeko ordezkariek, eskolako zuzendariek eta fakultateetako dekanoek parte hartuko dute, baita titulazio bakoitzeko irakaskuntza-zuzendariek ere. Denek interesdunen galderei erantzungo diete, pertsonalki. Bestalde, Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren ordezkariak ere egongo dira, NUPen titulu berekien eskaintzari buruz egon litezkeen galderak erantzuteko.
Saioari 10:00etan emango zaio hasiera, Industria eta Telekomunikazio Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoaren, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen eta Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolaren graduondoko irakaskuntzak aurkeztuz. Saioak 12:00etan edukiko du segida, Zientzia Juridikoen Fakultatearekin, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatearekin eta Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoarekin. Gainera, ikasgelategiko beheko solairuan dagoen Ikasleentzako Argibide Bulegoa irekita egongo da, 10:00etatik 14:30era, zalantzak argitzeko.