Joan eduki nagusira

zoom Irauliari ongi eutsi zion kabina baten irudia

Irauliari ongi eutsi zion kabina baten irudia

Traktorea da lurreko ibilgailuen artetik 1.000 istriputatik heriotza gehien sorrarazten dituena. Nafarroako Unibertsitate Publikoko aditu batzuek egindako ikerketen ondorioz, aldatu eta hobetu egin dira OCDEren (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea) arauetan erabilitako hiru kode. Erakunde horrek ibilgailu hauen homologazio-kodeak ezartzen ditu, egiazko segurtasun maila nahikoa ziurtatzeko, eta, gidaria azpian harrapatuz gero, ez hiltzeko.

Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak finantzatu du ikerketa, eta Carmen Jarén Ceballos, Ignacio Arana Navarro, José Ramón Alfaro López, Pedro Arnal, Silvia Arazuri eta Jesús Mangado NUPeko Landa Ingeniaritza eta Proiektuak Saileko ikertzaileek egin dute. Traktoreen kabinetako homologaziorako, indarrean ziren irizpideek ematen zuten egiazko segurtasuna balioetsi dute lanean, eta irizpide horiek aldatzea proposatu dute. Ia munduko herrialde guztietan badago araudi bat exijitzen duena, hala edo nola, traktorearen kabinak gidariaren bizitza babestea, traktorea iraultzen bada. Merkaturatu ahal izateko, kabina hauek metodologia zehatz bat erabiliz saiatzen dira, eta metodologia hori kasu gehienetan hiru kodetan definitzen da (4 kodea, 6 kodea, eta 7 kodea), eta horiek erabiltzen dira OCDEko herrialde guztietan.

"Duela berrogei bat urtetik indarrean dauden kodeek bizitzak salbatu dituzte —azaldu du Ignacio Arana ikertzaileak—, baina azken urte hauetan horien eraginkortasuna zalantzan jarri da. Gertatzen zena zen zenbait fabrikatzailek beren traktoreentzat hutsean den masaren bi halako baino gehiago ezartzen zutela masa maximo onargarritzat. Legezkoa zen arren, gerta zitekeen traktorea iraultzeko unean bere egituraren saiakuntzan erabili zen masaren bat-bateko masa bikoitza edukitzea. Eta horrek ekarri du behar bezala homologatutako eta merkaturatutako kabinak dituzten traktoreek irauli direnean, traktore gidarien heriotza ekarri dutela kabina ondoratu delako.

Arazo hori konpontzeko eta heriotza gehiago saihesteko asmoz, Nekazaritza Ministerioak aipatu ikerketa proiektua finantzatu zuen. Saiakuntzek emandako egiazko segurtasuna balioetsi ondoren, ordura arte erabilitako erreferentzia kodeak aldatzeko proposamena egin zuten lanaren egileek. "Planteatu genuen, erabilitako erreferentzia-masa fabrikatzaileak ezarritako masa maximo onargarriaren berdina edo handiagoa zati 1.75 izan beharko litzatekeela gutxienez, iraultzean babesteko egiturak beti jasan ahal dezan traktorearen pisu maximo onargarria, eta horretarako eraikuntzan edo materialen erresistentzian erabili ohi diren segurtasun koefizientea erabiltzea", dio Arana irakasleak.

Ondorioz, 2012ko urtarrilean traktoreen kabinen hiru saiakuntza kode garrantzitsuenak aldatu ziren. "Aldaketa funtsezkoa izan da, eta OCDEren nazioarteko bileretan defenditu dugun proposamena onartua izan da". Era berean, lan hauekin lotutako hiru artikulu argitaratu dira nazioarteko hainbat aldizkaritan.


Saihestea kabinak azpian harrapatzea


Traktoreetan gertatzen diren heriotza gehienak traktorea irauli eta gidaria azpian harrapatzen duelako gertatzen dira. 1954an, Suedian fabrikatu zen traktore baten irauliari aurre egiteko lehen segurtasun egitura. Egitura horien babesa nahikoa ote den jakiteko, eremuko saiakuntzak egin ziren, baina oso konplexuak, garestiak eta errepikaezinak ziren. Geroago, saiakuntza normalizatu bat garatu zen, eta horretan, babes egitura kolpatzen zen traktorearen egituraren gainean erortzen zen 2.000 kiloko masa batekin. Saiakuntza guztietan bezala, helburua zen inpaktu horien ondoren, egituraren deformazioa ez izatea gidariak bete behar duen segurtasun eremua libre ez uzteko bestekoa. Seigarren hamarkadaren amaieran saiakuntza estatikoen lehenbiziko arauak garatu ziren, eta horietan egitura ez zen pendulu batez jotzen, baizik eta pistoi batez bultzatzen.

Zazpigarren hamarkadan jada ondorioztatu zen lortu behar zena zela egiturek irauliaren energia osoaren parte handi bat xurgatzea hainbeste deformatu gabe, gidaria sartzeko besteko azalera zabal nahikoa duen eremu segurua utzita.

Parametro garrantzitsuena —dio Ignacio Aranak— ez zen egituraren erresistentzia bera, baizik eta eremu segurua gainditzeko deformaziorako behar den energia kopurua". Horregatik, egiturak aski erresistenteak izan behar dira, baina ez dira zurrunegiak izan behar, baizik eta maila bateko deformazio plastikorako aukera eman behar dute. "Adibide gisa har dezakegu formula 1eko autoena: talka egiten dutenean motor guztia deformatzen dute, baina pilotoaren lekua ukigabe gelditzen da. Gauza bera gertatzen zen Julio Zesarrek erasotako harresi galiarrekin, zurezko eta harrizko geruzak zituztenak hurrenez hurren, zurak erresistentzia eman zezaten eta harriek arietearen kolpearen energia xurga zezaten".