Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2012-2013 ikasturterako aurreinskripzio aurreratua egiteko epea astearte honetan, apirilak 24, hasiko da, eta heldu den ostegunean, apirilak 26, bukatuko da. Hiru egun horietan, ikasleek ikaspostua eskatu ahalko dute www.unavarra.es webgunearen bidez NUPen ematen diren 18 graduetako edozeinetan, eta ikasi nahi duten edo dituzten karrerak adierazi beharko dituzte lehentasun ordenaren arabera. Epea bihar, asteartea, hasiko da goizeko 8:30ean, eta zabalik egongo da heldu den osteguneko 14:00etara arte.

Aurreinskripzioa zuzendua dago Batxilergoko eta Lanbide Heziketako azken ikasmailako ikasleei, ikasketa horiek amaitu dituztenei, eta beste gradu bat ikasi nahi duten tituludunei. Aurreinskripzio prozesuan, ikasleek nahi dituzten lau titulazio jar ditzakete gehienez ere, lehentasun ordenaren arabera.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduetan matrikulatzeko ohiko epea ekainaren 18tik 26ra izango da. Eskatzen den dokumentazioa aurkezteko epea ekainaren 26an amaituko da, bai apirilean aurreinskripzioa egiten dutenentzat bai ekainean egiten dutenentzat. Hautaprobak Nafarroan egiten dituzten Batxilergoko ikasleek ez dute dokumentazioa aurkeztu behar, ez bada Nazioarteko Programetako baterako ikaspostua eskatzen dutela.

18 graduren eskaintza

Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2012-13 ikasturtean 18 gradu eskaintzen ditu guztira. Horietatik hiru, heldu den ikasturtean abian jarriko diren ingeniaritza berriak dira. Zehatz esanda, honako hauek dira: Gradua Ingeniaritza Mekanikoan eta Gradua Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoan. Bi hauek orain arte Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak (TIIGMET) eskaintzen zuen Ingeniaritza Elektromekaniko Gradua ordezkatuko dute. Gainera, Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak (NIGMET) Elikagai Prozesuen eta Produktuen Berrikuntza Gradua ezarriko du. Unibertsitateen Kontseiluak aldeko egiaztapena eman behar die hiru titulazio berriei, eta ondoren, Nafarroako Gobernuak baimena.