Radio Nacional de Españako Radio 3 irratiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko XX. Jazz Zikloan programatutako hiru kontzertuak grabatu eta "Tres en la carretera" irratsaioaren saio berezi batean emango ditu. Isabel Ruiz Larak zuzentzen du programa eta hurrengo igandean, apirilaren 29an, Iruñetik emango da. Aurten ere, laugarren urtez jarraian, RNEk NUPeko Jazz Zikloa egiteko babesa eman du, bere zuzeneko presentziaren bidez, saio monografikoen bidez edo kontzertuen emanaldiaren bidez.
Unibertsitateko XII. Jazz Zikloa apirilaren 26, 27 eta 28an egingo da Baluarteko Ganberen Aretoan eta hiru kontzertu antolatu dira. Nua Trío, Tracey Reid & The Sweet Rhythm Kings eta Pat Martino gitarrista estatubatuarra dira artista gonbidatuak. Hiru emanaldiak 20:00etan izango dira, eta sarrerak eskuragarri daude NUPeko Kultura Jardueren Atalean (Ikasgelategiko 019 ikasgelan), eta Baluarteko txarteldegian. Unibertsitate komunitateko kideek 5 euro ordainduko dute kontzertu baterako sarreragatik, eta 12 euro hiru emanalditarako bono batengatik. Gainerako erostunek 10 eta 25 euro ordainduko dituzte, hurrenez hurren.
Zikloa osatzeko, jazza XXI. mendean hizpide izango duten bi hitzaldi emango ditu José Francisco Tapiz irakasleak eta programaren irakaskuntza koordinatzaileak. Bi hitzaldiak apirilaren 23 eta 24an izango dira, 19:00etatik aurrera, eta sarrera jende orori irekia da. Aurreko urteko edizioan gertatu bezala, ikasleei kredituak aitortuko zaizkie programan parte hartzeagatik. Kontzertuetara eta hitzaldietara joateaz gainera, lan bat aurkeztu beharko dute ikastaroa amaitzean. NUPeko XII. Jazz Zikloari buruzko informazio guztia helbide honetan dago: www1.unavarra.es/cultura/
Hiru emanaldiak
Nua Tríok hasiera emango dio zikloari apirilaren 26an, ostegunean, 20:00etan. Artista hirukote hau honako hauek osatzen dute: Mû, beti ikasten dabilen Ginea Bissauko musikaria eta poeta; Luisa Brito, Mozambiken jaiotako kontrabaxu-jotzailea eta jazzari lotua; eta Jesús Mañeru nafarra, perkusio-jotzailea. Bere lehenengo obrak, “Casa Nua” izenekoak, Ana Patricio lisboarraren bertsoak omentzen ditu. Akustikarekiko eta letrekiko arretari eta kideen arteko harremanari esker sentimenak dastatzera garamatza lan honek.
Bestalde, Tracey Reid & The Sweet Rhythm Kings-ek apirilaren 27an, ostiralean, joko du. Talde honek musika cocktail interesgarri bat proposatzen du, eta bere egiten du abeslari talde ezagunen musika, hala nola Louis Jordan, Nat King Cole, Dinah Washington, Cab Calloway edo Ray Charles. Taldeak jazzean errotutako musika estilo dinamiko, alai eta ireki bat du, eta zazpi musikarik osatzen dute. Horien artean aipatzekoa da Tracey Reiden ahots paregabea edo Enric Peidro saxo tenorearen lidergoa, zeina Espainian jazza eta swing-a jotzen duten tenor bakanetakoa baita.
Pat Martinok eskainiko du hirugarren eta azken kontzertua apirilaren 28an, larunbatean. Philadelphian (EEUU) jaio zen 1944an, eta jazz gitarrista profesionala da 15 urte zituenetik. Musikari honen historia harrigarria da. 20tik gora disko ditu eta lan ugari egin ditu elkarlanean eta kontzertu-itzuliak etengabe, harik eta 1980an burmuineko ebakuntza egin zioten arte oroimena eta musika jotzeko gaitasuna galarazi zizkion aneurisma sendatzeko. 1984an berriro jotzen hasi zen bere diskoak entzunez, baina 1987an itzuli zen "The Return" diskoarekin.