Nafarroako Unibertsitate Publikoak astelehen honetan, apirilak 16, Europar Batasunak finantzatutako proiektu bat aurkeztu du, 2 motako diabetesa duten 70 urtez gorakoen bizi kalitatea hobetzeko modua ikertzen duen programa baten onurak aztertzea xede duena. Ikerketa hau egiteko NUP Espainiako, Erresuma Batuko, Italiako, Alemaniako, Frantziako, Txekiako eta Belgikako beste 16 instituziorekin batera parte hartzen ari da. Proiektua bi urtez luzatuko da Europa osoan zehar dauden 59 zentrotan, eta 1.700 lagun baino gehiagok parte hartuko dute.
Programa honen edukia prentsaurreko batean azaldu da, eta bertan ondokoek parte hartu dute: Alfonso Carlosena NUPeko Ikerketarako errektoreordea; Leocadio Rodríguez proiektuaren zuzendari eta Getafeko Ospitaleko Geriatria Zerbitzuko burua; Alan J. Sinclair programaren koordinatzaile zientifikoa, Bedfordshire-ko Unibertsitateko (Erresuma Batua) Medikuntza Fakultateko dekanoa eta instituzio bereko adinekoen Diabetes Institutuaren zuzendaria; eta Mikel Izquierdo NUPeko Osasun Zientzien Saileko katedraduna.
Ondoren, guztiak joan dira NUPeko Tuterako campusera, azterlanaren gainerako partaideekin batera, proiektua abian jartzeko eta jarduera egutegia ezartzeko xedez, ostegunera arte luzatuko diren topaketa batzuetan parte hartzera.
Proiektu honen aurkezpen ofiziala ostegun honetarako, apirilak 19, programatu den jardunaldi batean egingo da arratsaldeko 16:00etatik aurrera, Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako Ekitaldi Aretoan. Jardunaldi hauetako programa osoa helbide honetan kontsulta daiteke: http://www1.unavarra.es/actualidad/congresos. Hitzaldiak jendearentzat zabalik daude, aldez aurretik izena eman ondoren, honako helbide honetan: escuela.enfermeria@unavarra.es.
Ikerketa proiektu honi Europar Batasunaren VII. Esparru Programak eman dio diru laguntza, eta asmoa da aztertzea zer onurak dituen glukosaren kontrol klasikoaz gain, II. motako diabetesa duten adinekoen bizi kalitatea eta ahalmen funtzionala hobetzean oinarritzen den programa batek.
Zehazki, osaera anitzeko programa batek duen aplikazioa aztertuko da, programa hori kontrol klinikoan, ariketa fisikoan eta, heziketa diabetologikoan oinarritzen da, paziente talde horren bizi kalitatea eta hauskortasuna ikusteko. Bigarrena, osaera anitzeko (kontrol klinikoa, ariketa fisikoa eta, heziketa diabetologikoa) mota honetako esku hartzeak duen eraginkortasuna aztertuko da, osasunarekin lotutako gastu ekonomikoei, ospitaleratze indizeei, eta paziente horien zainketarekin lotutako gastuari begira, gaur egun egiten den esku hartze klinikoarekin alderatuta.
II. motako diabetesaren ezaugarriak dira, batetik, nahasketa metaboliko multzo bat hainbat organori eta ehuni eragiten diena, eta bestetik, odolaren glukosa maila handitzea (hipergluzemia). 65 urtetik gorakoetan % 25ekoa da eta, gutxienez, paziente guztien % 40 65 urtetik gorakoak dira. Kalkulatzen da 2050. urtean hirurogeita hamar urtetik gorakoetan diabetes kasuak halako lau izango direla. Gaixotasun hau gaitasun funtzionalaren galerarekin lotzen da, eta baliteke, ondorioz, desgaitasun arriskua % 20ra arte handitzea adinekoen artean, eta horrek osasun eta gizarte gastua nabarmen areagotzea dakar.
Esku hartze esperimentalak arrakasta baldin badu, kalkulatzen da desgaitasunarekin eta gaitasun funtzionalaren galerarekin lotutako 700.000 kasu murrizteko aukera izango dela. Kalkulatzen da murrizketa horren bidez Europan 3 bilioi eurotik gora aurreztuko liratekeela osasunarekin lotutako gastuetan.
Proiektu honetan parte hartzen duten entitateak honako hauek dira: Getafeko Hospital Universitarioko Fundación para la Investigación Biomédica, Carlos III. Osasun Institutuko CAIBER (Ministerio de Economía y Competitividad), Bedfordshire Unibertsitateko adinekoen Diabetes Institutua (Erresuma Batua), Bordeleko Unibertsitatea (Frantzia), Cardiffeko Unibertsitatea (Erresuma Batua), Napoliko Unibertsitatea (Italia), Bethesda-ko Ospitalea (Stuttgart, Alemania), Charles Unibertsitatea (Praga, Txekia), Vrije Unibertsitatea (Brusela, Belgika), Gaztela Mantxako Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa.
NUPen parte hartzea proiektuan
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren parte-hartzea proiektu honetan ariketa fisikoko programen diseinuan gauzatuko da, bai muskuluen potentzia eta indarra hobetzera zuzendutako entrenamendurako programa bai ondoren pazienteek beren etxeetan egingo duten mantentze programa. Azterlanak iraungo duen bi urteetan zehar, ariketa fisikoko programak heziketa diabetologikoko programa batekin tartekatuz egingo dira Europa osoko 59 zentrotan, eta 1.700 lagun baino gehiagok parte hartuko dute. Bestalde, Nafarroako Unibertsitate Publikoak muskulu-potentzia, oreka eta gaitasun funtzionala balioesteko proben diseinuan parte hartuko du NUPen azelerazioa eta jarrera neurtzeko garatutako inertzia unitateak erabiliz.
Proiektu honen arduraduna NUPen Mikel Izquierdo Redín Fisioterapiako katedraduna eta (BIOFIM) Biomekanika eta Mugimenduaren Fisiologiako Ikerketa Taldeko arduraduna da. Harekin batera lankidetzan ari dira honako irakasle hauek: Marisol Gómez, Pablo Lecumberri, Alazne Antón eta Roberto Aguado, eta prestakuntzan dabiltzan langile hauek: Alicia Martinez eta Nora Millor. Beren lankidetza ariketa fisikoa balioesten eta hura agintzen, eta adineko pertsonen oreka eta gaitasun funtzionala balioesteko sentsoreen bidez lortutako seinaleak prozesatzean datza.