Joan eduki nagusira

zoom Zaragozako Unibertsitateko antzerki taldearen emanaldi baten  irudia

Zaragozako Unibertsitateko antzerki taldearen emanaldi baten irudia

Zaragozako, Ourenseko, Lleidako, Valladolideko eta Rey Juan Carlos (Madril) Unibertsitateetako antzerki taldeek beren obrak aurkeztuko dituzte Unibertsitate Antzerkiaren V. Erakustaldian. Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatzen du erakustaldia, eta apirilaren 16tik 20ra izango da. Saioak Iturramako Civivoxen izango dira, 19:30ean, eta sarrerak euro 1 balio du.

Zaragozako Unibertsitateko Antzerki Ikasgelak irekiko du erakustaldia, 16an astelehenean, Federico García Lorcak 1936. urtean idatzi zuen "Amor de don Perlimplín con Belisa en su jardín" antzerki laburrarekin. Obra honetan, maitasuna ezagutzen ez duen agure bat Belisa gazteaz maitemintzen da, eta honen amak bultzatuta, ezkondu egiten dira. Alabaina, Belisa beste gizon batez maitemintzen da. Tragikomedia xamur eta aldi berean urratu bat da.

Asteartean, 16an, "Maricastaña" Ourenseko Unibertsitateko Antzerki Ikasgelak "Un nuevo mundo feliz" lana taularatuko du. Obrak zahartasunik eta gaixotasunik gabeko mundu batean kokatzen du ikuslea. Heriotza positibotzat jotzen da, eta norberak badaki zer egin behar duen; jakin ez ezik, egin ere egin nahi izaten du, aldez aurretik horretarako baldintzatua izan delako. Mundu horretan ados ez daudenen ahotsak sortu eta elkartzen dira, behar, interes, maitasun edo adiskidetasunarengatik. Zergatik ahots horiek, mundu guztia zoriontsua bada? Zer dute falta? Erantzuna begi-bistakoa da: askatasuna.

Lleidako Unibertsitateko Antzerki Taldeak "Desalmados" lana antzeztuko du, asteazkenean, apirilaren 18an. Lan honetan, reality mota berri batek telebista irauliko duela ematen du: dokushow bat da, non lau parte-hartzaile beren arima berreskuratzeko lehiatzen diren, beren bizitzaren une batean edo beste batean deabruari saldu baitzioten.

Valladolideko Unibertsitateko Irakasletzako antzerki taldeak (Soriako campusa) "Fuera de quicio" lana taularatuko du, apirilaren 19an, ostegunean. Obraren laburpenaren arabera, "psikiatrikoko monjak drogaren trafiko xehean aritzen dira, eroetxeko zuzendariak bere emaztea hiltzen du, seroren ama nagusia bekatuzko sexuan aritzen da; eroetxean sartutako lau protagonistak, bitartean, beren arazoez arduratzen dira eta burutik sano dauden bakarrak dira".

Unibertsitate Antzerkiaren V. Erakustaldia ostiralean bukatuko da, “Noches de amor efímero” lanarekin, Rey Juan Carlos (Madril) Unibertsitateko antzerki taldeak emana. Lan honen haria hiru historia laburren bidez txirikordatzen da: De la noche al alba, non prostituta batez maitemindutako gizonak aitortzen baitio kaleetatik atera nahi duela, bizitza berarekin elkar banatzeko; Solos esta noche, non mutil langabetu gazte batek neska ezegonkor eta beldurti bat ezagutzen baitu; eta La noche que ilumina, zeinean tratu txarrak pairatzen dituen emakume batek bikoteak traizionatu duen abokatu batengan hartzen baitu babesa.