Nafarroako Unibertsitate Publikoko Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak (TIIGMET), Nafarroako Telekomunikazio Ingeniarien Elkartearekin batera, Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritza Graduari buruzko orientazio-jardunaldi bat prestatu du datorren larunbatean, apirilaren 14an. Etorkizunean ikasle izateko asmoa dutenei zuzentzen zaie. Jardunaldian adituek, irakasleek, ingeniariek eta azken ikasmailetako ikasleek titulazio honetako ikuspegi osoa eskainiko dute, eta zer aterabide profesional dituen aztertuko.
Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritzako Gradua lau ibilbide dauzkan titulua da (Komunikazio Sistemak, Telematika, Ikus-entzunezko eta multimedia sistemak, eta Sistema elektronikoak) eta irtenbide profesional ugari dauzka, batez ere IKT delakoen alorrean (Informazio eta Komunikazioen Teknologiak). Telekomunikazio teknologien ingeniariak informazio eta komunikazio gizarteko zutabe ezinbestekoak dira, bai alor horretako enpresetan, baita interneten inguruan mugitzen diren zerbitzu-enpresetan ere. Halaber, edozein alorretako enpresa edo erakundeetako azpiegituran laguntza emateko oso garrantzizkoak dira.
Jardunaldia 12:00etan hasiko da, TIIGMETeko ekitaldi aretoan, eta edonork dauka joatea. Aretoa Arrosadiko campuseko Haginak eraikineko beheko solairuan dago. Ongi etorriko hitz batzuen ondoren, eskolako zuzendariordeak, Antonio López Martínek, NUPek eskaintzen duen Telekomunikazio Teknologien Gradua zertan den azalduko du. Ondoren, 12:30etik 12:50era, Eduardo de la Sotilla Varelak, Nafarroako Telekomunikazio Ingeniarien Elkarteko buruak, "Telekomunikazio Ingeniariaren lanbidea" izeneko hitzaldia egingo du.
Esan den moduan, aurreikusitako programak lanbide honi buruzko hainbat ikuspegi eman nahi ditu, bai enpresatik, baita unibertsitatetik ere. 13:00etatik 13:50era jardunaldiaren azken partea izango da. Horretan, QUOMAI Technologies enpresako zuzendari teknikoa, Francisco Naranjo Abad, eta une honetan ikasketen amaierako proiektua egiten ari den Naiara García Huegun arituko dira. Lehenak telekomunikazio ingeniariaren eta soinua eta irudia espezialitateko telekomunikazio ingeniari teknikoaren lanari buruz hitz egingo du, eta bigarrena NUPeko ingeniaritza ikasle baten ikuspegitik mintzatuko da.