Alberto Reyna Maldonado Ingeniaritza Elektroniko Zientzietan irakaslea da Tamaulipas Unibertsitate Autonomoan (Mexiko). Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin du bere doktoretza tesia, eta diseinatu du erradiazio prestazioak galtzen ez dituen sateliterako antena multzoa, antena sistemaren bolumena, pisua eta berotze maila murrizten dituena. Horrela, sateliteak ikus ditzakeen Lurraren gune guztietan, energia modu uniformean jasotzen da.
Telekomunikazio sistemetan erabiltzen diren antena motetako bat antena multzo edo antena moldaketa deitzen direnak dira, hainbat antena elkarrengandik hurbil jarrita egiten direnak. "Abantailetako bat da seinalea leku batetik bestera bideratu ahal dugula, antena etengabe berbideratzen ibili beharrik gabe, edo erradiazioak sortu modu espezifikoren batean, —azaltzen du Alberto Reynak—, zeren erradiazioaren ezaugarriak elektronikoki manipula baitaitezke. Ikerketaren garapenean, hainbat antena multzo motarekin egin genuen hori: lauki formakoak, eraztun formakoak, linealak, e.a."
Nagusiki satelite bidezko komunikazioetan aurkitzen den arazo bati aurre egin genion: "satelitean antena multzo bat jartzen denean, oso bolumen handia eta pisua hartzen du, eta konplexua egiten da erradiazioa sortzea. Esaterako, antenak anplifikazio irabaziaren balio ezberdinak dituzten anplifikadore ezberdinetara konektatuak egoteak, horietako batzuk beste batzuk baino gehiago berotzea dakar, eta bero hori deuseztatzeko moduren bat bilatu behar da espazioan, airerik ez dagoela".
Hori konpontzeko, antena multzoaren erradiazio-prestaziorik galdu gabe, Darwinen eboluzioaren teoriaren ideietan oinarritutako metodoak erabili ziren, "non antena multzoa denboran zehar eboluzionatuz doan izakia den, aldiro gero eta gaitasun hobea izan arte"; bai eta espezien giza portaeran ere, "adibidez, arazoaren konponbidea lortzeko, puntu zehatz batera iristeko taldeko buruari jarraikiz hegan egiten duten hegazti saldoak".
Ikertzaile honek azaltzen duenez, "metodo ebolutiboa duten antena multzoak diseinatzea erabaki genuen, antena bakoitza anplifikazio irabaziaren balio ezberdina duen anplifikadore batera konektatu beharrean, anplifikazio irabazi berdina duen anplifikadore bera erabiltzea ahalbidetuz; esaterako, hirurogei antena izan ditzaket soilik hiru anplifikadorerekin, eta tamaina, bolumena eta pisua murriztu, satelitean sortzen den berotze maila deuseztatzea errazago eginda, eta hori guztia erradiazio prestazioak galdu gabe".
Azkenik, antena multzoak diseinatu ziren isoflux motako erradiazioa lortzeko, eta horren bidez, Lurrean jasotzen den energia kopurua berdina da edozein puntutan. "Lurra ez denez erabat biribila eta forma eliptikoa duenez, satelitetik datorren seinalea atzeratuta iristen da edo energia gal dezake; hortaz, antenen moldaketa diseinatu genuen, seinaleak kono baten antzeko forma eduki dezan, eta Lurrazal guztira berdin irits dadin", azaldu du Alberto Reynak. "Laburbilduz, esan daiteke erradiazioa Lurraren leku guztietara uniformeki iristea lortzen duten sateliterako antenen moldaketa mota bat diseinatu dugula, eta horrela, leku batzuetara beste batzuetara baino energia gehiago iristea saihesten dela".
“Evolutionary Antenna Arrays Synthesis for Isoflux Radiation in Satellite Applications” izenburuko doktoretza tesia zuzendu dute Marco Antonio Panduro doktoreak Tamaulipas Unibertsitate Autonomokoa (Mexiko), eta NUPeko Carlos del Río Bocio doktoreak, eta bikain cum laude kalifikazioa erdietsi du. Ikerketa honen harira sei artikulu zientifiko argitaratu dira aldizkari espezializatuetan, eta lau aurkezpen egin dira nazioarteko biltzarretan. Alberto Reynak bere ikasketak egin zituen Unidad Académica Multidisciplinar Reinosa Rodhe ikastegian, eta bertan egin zituen Master ikasketak ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoan Doktoretza ikasketak egin aurretik. Gaur egun, aipatu Tamaulipas Unibertsitate Autonomoan (Mexiko) lan egiten du ikerketa laguntzaile.