Joan eduki nagusira

zoom Paloma Vírseda eta Fernando Martínez, ekitaldiaren aurkezpen ekitaldian.

Paloma Vírseda eta Fernando Martínez, ekitaldiaren aurkezpen ekitaldian.

Harlem GlobeTrottersen erakustaldia egingo da maiatzaren 10ean Nafarroako Unibertsitateko Kiroldegian. Ipar Amerikako saskibaloi talde hori 1926an sortu zen, eta UNESCOren nazioarteko aitorpena du herrien arteko borondate onaren eta anaitasunaren enbaxadore izateko. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ekitaldi hori antolatzen lagunduko du, bere sorreraren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldietako bat baita. Harmailako sarrerak 24 euroan salduko dira, eta pistakoak 29 euroan, baina unibertsitateko komunitate kideek bost euroko deskontua izango dute.

Ekitaldi honi buruzko xehetasunen berri eman dute astearte honetan, apirilaren 10ean, prentsaurrekoan Paloma Vírseda Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Gaietarako errektoreordeak eta Fernando Martínez Harlem GlobeTrottersek Espainian barna 2012an egingo duten Itzuliaren koordinatzaileak.

Beraz, Nafarroako Unibertsitate Publikoa ere sartuko da Harlem GlobeTrottersek Espainiako hainbat hiritan egingo duten itzulian. Aipatu hirien artean daude Alcalá de Henares, Burgos, Granollers, Tarragona eta Valentzia. Azken hiri honetan jokatuko du baloiaren malabaristen talde honek bere 30.000. partida.


62. munduko bira


Globetrottersek beren 62. munduko bira egingo dute 2012. urtean. Talde hau 1926an sortu zen, Chicagoko dantzaleku ospetsu bateko atsedenaldiak girotzeko, eta, ordu ezkero, bost kontinenteetako bi milatik gora hiritan baino gehiagotan eskaini du bere maila handiko saskibaloiko eta umore bazterrezineko ikuskizuna.

Harlem GlobeTrottersek hiru talde desberdin dituzte munduko bira egiten. Egoitza Kalifornian dute, non talentuen harrobi agortezina baitute. Erakustaldietara doan jendearekin sortzen duten kimika da, dudarik gabe, jokalari hauen xarma eta sekretua, ikusleek modu aktiboan parte hartu baitezakete ikuskizunean.

61 munduko bira egin eta gero, Harlem Globetrottersek hainbat agertoki harrigarritan eskaini dute beren ikuskizuna, hala nola, hegazkin ontziak, Vietnameko oihana edo zezen plazak. 2008. urtean, Bartzelonako Palau Sant Jordi gainezka bete zuten, 17.500 jarraitzaile bildu baitzituzten. Ikusleen errekorra Berlingo Estadio Olinpikoak dauka, 75.000 pertsona bildu baitziren bertan Harlem GlobeTrottersek Europan egin zuten lehen biran.