Bisitaldia Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko laborategietako batera
Ia 350 pertsona etorri ziren larunbatean, martxoaren 31n, Nafarroako Unibertsitate Publikoan Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak (TIIGMET) eta Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak (NIGMET) dituzten titulazioei buruzko informazioa emateko egin zen Ateak Zabaltzeko Egunera. Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2012-13 ikasturtetik aurrera emango dituen hiru gradu berri hauei buruzko informazioa zuzenean jaso zuten parte-hartzaileek: Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa, Ingeniaritza Mekanikoa eta Elikagai Prozesuen eta Produktuen Berrikuntza.
Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (TIIGMET) bi titulazio berriak Gradua Ingeniaritza Mekanikoan eta Gradua Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoan izenekoak dira, eta Gradua Ingeniaritza Elektromekanikoan izenekoa ordezkatuko dute. Ingeniaritza Mekanikoan graduak ingeniaritza termikoarekin, makina eta mekanismoekin, jariakinekin, egiturekin, materialekin eta fabrikazioarekin lotutako teknologietan sakontzen du. Beste titulazio berria Gradua Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoan da. Gradu honek, besteak beste, ondoren aipatzen diren gai teknologikoekin lotutako gaietan sakonduko du: instalazio elektrikoak, sistema elektriko analogiko eta digitalak, sormen elektriko konbentzionala eta berriztagarria, robotika eta komunikazioak.
Bere aldetik, Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak (NIGMET) Gradua Elikagaien Prozesuen eta Produktuen Berrikuntzan eskainiko du datorren ikasturtean. Elikagaien prozesuetako eta produktuen berrikuntzako proiektuak antolatzen, planifikatzen eta kudeatzen ikasi nahi duten pertsonei zuzenduta dago. Titulazio honetan matrikulatuko diren ikasleek prestakuntza jasoko dute, horrela oinarrizko zientziak aplikatzen ikasteko elikagaien teknologia eta ingeniaritzarekin loturiko arazo teknikoetan. Gradu hau amaitzen dutenek gaitasuna eskuratuko dute nekazaritza eta elikagaien industrietako teknikari eta espezialista lanpostuak betetzeko, prozesuen eta produktuen berrikuntzaren arloan.
Unibertsitateen Kontseiluak aldeko egiaztapena eman behar die hiru titulazio berriei, eta ondoren, Nafarroako Gobernuak baimena.
Egunaren garapena
Ateak Zabaltzeko Eguna heldu den ikasturtean Unibertsitatean sartzeko interesa duten Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei zuzendua dago, eta goiz osoan egin zen Arrosadiko campusean, Iruñean. Parte-hartzaileek gradu desberdinen ezaugarriak azaltzeko antolatutako hitzaldietan parte hartu zuten, eta gero bisita gidatua egin zen campusean barna, eta eraikin hauetan izan ziren: lantegiak eta laborategiak, Praktiketarako Etxaldea (Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko aurkezpenera joan ziren parte-hartzaileak), liburutegia, kirol instalazioak eta Urkiak Unibertsitate Egoitza.
Programa 10:00etan hasi zen, Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Graduaren aurkezpenarekin, Olibondoak eraikineko Gradu Aretoan. Paloma Vírseda Chamorro Ikasleen Gaietarako errektoreordea izan zen ekitaldiaren burua, eta honako hauek parte hartu zuten: Alberto Enrique Martín Nekazaritzako Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendaria, Silvia Arazuri Garín Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Saileko irakaslea eta Ana Jiménez Muro Nekazaritza Ingeniaritzako 5. ikasmailako ikaslea.
Programa osatzeko, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak informazio-hitzaldi bat antolatu du. Ikasgelategiko 09. ikasgelan izan zen, 11:30ean. Ondoko titulazio hauek aurkeztu ziren: Gradua Industria Teknologietako Ingeniaritzan, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa, Ingeniaritza Mekanikoa, Diseinu Mekanikoko Ingeniaritza (Tuterako campusa), Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritza eta Informatika Ingeniaritza. Alfonso Carlosena García Ikerketarako errektoreordeak, Ignacio Matías Eskolako zuzendariak eta Antonio López Martín eta Pablo Sanchis Gúrpide zuzendariordeek parte hartuko dute.
Aurreinskripzio Astea
Larunbateko saioak bukaera ematen dio Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatu duen Ateak Zabaltzeko programari. Hasiera martxoaren 10ean izan zen, Tuterako campusean eta jarraipena martxoaren 24an, Arrosadiko campusean, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko, Zientzia Juridikoen Fakultateko, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko eta Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako titulazioekin.
Ateak Zabaltzeko egun hauek Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2012-13 ikasturterako Aurreinskripzio Astea abian jarri baino lehen izaten dira, izan ere, aurten, apirilaren 24tik 26ra bitartean (biak barne). Aurreinskripzioa Interneten bidez egin behar da, eta informazio guztia webgunean dago www.unavarra.es.