Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere telefonia zerbitzua esleitu du "on-line" enkante-sistema baten bidez, eta lizitazio prezioaren gain % 35 aurreztea lortu du. Nafarroan instituzio publiko batek eskaintza elektronikoaren bidezko prozedura hau abian jarri duen lehenbiziko aldia da, eta NUP aztertzen ari da sistema bera erabiltzea beste hornidura-kontratu batzuetan.
Unibertsitatearen telefonia zerbitzua kontratatzeko lehiaketak 460.200 euroko lizitazio prezioa zeukan, eta Telefónica SA enpresari esleitu zaio 297.595,99 euroko zenbatekoarekin; izan ere, % 35,33 jaitsi da. Deialdira telefoniako bost operadore aurkeztu ziren guztira. Lehiatzaileek aukera zuten eskaintzak egiteko hiru lote bereizitarako: telefonia finkokoa, telefonia mugikorrekoa, eta IP telefoniakoa. Azken sistema berri honek aukera ematen du ohiko zentraliten bidez ematen diren zerbiztuez gain, beste zerbitzu gehigarri batzuk eskaintzeko. Gainera, lehiatzaileek aukera zuten lote bateratu baten bidez eskaintza oso bat egiteko.
Lizitazio prozedura bi zatitan banatu zen. Lehenbizikoan, lehiatzaileek dokumentazio administratiboa, eskaintza teknikoa eta eskaintza ekonomikoa aurkeztu zuten. Lehen fase hori gainditu zuten enpresek "on-line" enkantean parte hartzeko aukera izan zuten, dokumentazioa, eskaintza teknikoa eta eskaintza ekonomikoa aztertuta, haietako bakoitzak zeukan puntuaziotik abiatuta.
Enkantea hurrenez hurreneko eskaintzen bidez egin zen, eta eskaintza berri bakoitzak unean bertan puntuazioetan eragiten zituen aldaketak ikusten zituzten lehiatzaile guztiek. Hasieran 15 minututako aldietan egin zituzten eskaintzak, eta, ondoren, 7 minututakoetan, harik eta puntuazioa aldatzeko eskaintza berririk egin ez zen 7 minutuko aldia gertatu zen arte. Azken emaitzak Telefónica SA enpresa jarri zuen garaile, lote bateratuari egin zion eskaintzarekin.
Enkante elektronikoaren sistema berria Aquanima enpresaren laguntza teknikoarekin aplikatu da.