Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Arrosadiko campusean antolatuko den Ateak Zabaltzeko Egunaren bigarren saioa baliatuko du, 2012-13 ikasturtetik aurrera emango dituen hiru ingeniaritza berriak aurkezteko. Jardunaldi hau datorren larunbatean, martxoaren 31n egingo da, eta bertan NUPek Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak (TIIGMET) eta Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak (NIGMET) emango dituzten titulazioei buruzko informazioa emango du.

TIIGMET-eko bi titulazio berriak Gradua Ingeniaritza Mekanikoan eta Gradua Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoan izenekoak dira, eta Gradua Ingeniaritza Elektromekanikoan izenekoa ordezkatuko dute. Gradu Ingeniaritza Mekanikoan graduak ingeniaritza termikoarekin, makina eta mekanismoekin, jariakinekin, egiturekin, materialekin eta fabrikazioarekin lotutako teknologietan sakonduko du. Bigarren titulazio berria Gradua Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoan da. Gradu honek ondoren aipatzen diren teknologikoekin lotutako gaietan sakonduko du: instalazio elektrikoak, sistema elektriko analogiko eta digitalak, sormen elektriko konbentzionala eta berriztagarria, robotika eta komunikazioak.

Bere aldetik, Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak Gradua Elikagaien Prozesuen eta Produktuen Berrikuntzan eskainiko du datorren ikasturtean. Elikagaien prozesuetako eta produktuen berrikuntzako proiektuak antolatzen, planifikatzen eta kudeatzen ikasi nahi duten pertsonei zuzenduta dago. Titulazio honetan matrikulatuko diren ikasleek prestakuntza jasoko dute horrela oinarrizko zientziak aplikatzen ikasteko, elikagaien teknologia eta ingeniaritzarekin loturiko arazo teknikoak konpontzeko. Gradu honetako titulatuek gaitasuna eskuratuko dute nekazaritza eta elikagaien industrietako teknikari eta espezialista lanpostuak betetzeko, prozesu eta produktuak berrikuntzaren arloan.

Unibertsitateen Kontseiluak aldeko egiaztapena eman behar die hiru titulazio berriei, eta ondoren, Nafarroako Gobernuak baimena.

Aurkezpen orduak

Larunbat honetako Ateak Zabaltzeko Eguna 10:00etan hasiko da, NIGMET-eko titulazioen aurkezpenarekin. Aurkezpen hau Olibondo eraikineko gradu aretoan izango da. Aurkezpen-hitzaldia eta gero, bisita bat egingo da, laborategiak eta praktiketarako etxaldea ikusteko. Industria Ingeniarien Eskolako titulazioak 11:30ean aurkeztuko dira, ikasgelategiko 09. ikasgelan, eta gero, aurkezpen-hitzaldian egon diren pertsonek lantegietako nabeak bisitatuko dituzte.

Egunaren programa bukatzeko, bisita gidatua egingo da Arrosadiko campusean zehar, liburutegia, kirol instalaziiak eta ikasleen egoitza ezagutzeko. Horretaz gainera, Ikasleentzako Argibide Bulegoa (Ikasgelategiko 021. ikasgelan, beheko solairuan) irekita egongo da 10:00etatik 14:30era, aurreinskripzio, egoitza, beka eta abarrei buruzko galderei erantzuteko. Ateak Zabaltzeko Egunari buruzko informazio guztia hemen kontsultatzen ahal da: www.unavarra.es

Egun hauek, lehen Iruñeko eta Tuterako campusetan egin diren aurreko biak bezala, Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2012-13 ikasturterako Aurreinskripzio Astea abian jarri baino lehen izango dira, eta aurten, apirilaren 24tik 26ra bitartean (biak barne) izango da. Aurreinskripzioa Interneten bidez egin behar da eta informazio guztia NUPen webgunean dago.