Joan eduki nagusira

zoom Nafarroako Unibertsitate Publikoan egindako hitzaldi bateko parte-hartzaileak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan egindako hitzaldi bateko parte-hartzaileak.

Ia 500 lagun etorri ziren joan den larunbatean, martxoaren 24an, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Arrosadiko campusean programatutako lehen Ateak Zabaltzeko Egunera. Saio horretan Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako eta Zientzia Juridikoen, Giza eta Gizarte Zientzien eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateetako titulazioei buruzko xehetasunak eman ziren. Aurkezpen hauek Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleei zuzentzen zaizkie, datorren ikasturtean unibertsitatean sartu nahi dutenei, eta datorren larunbatean, martxoaren 31n, bukatuko dira, ingeniaritzak aurkezteko saioekin.

Parte-hartzaileek graduen ezaugarriak azaltzen ziren hitzaldietara joan ondoren, bisita gidatua egin zuten Arrosadiko campusean zehar, kirol instalazioak eta Urkiak unibertsitate egoitza ikusteko. Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskola daukan Osasun Ikasketen campusaren kasuan, laborategiak bisitatu zituzten.

Horretaz gainera, Ikasleentzako Argibide Bulegoa (Ikasgelategiko 021. ikasgelan) irekita egon zen aurreinskripzio, egoitza, beka eta abarrei buruzko galderei erantzuteko.


Hitzaldiak goizean zehar


zoom Arrosadiko campusean zehar egindako bisitaren une bat.

Arrosadiko campusean zehar egindako bisitaren une bat.

Egitaraua goizeko 10:00etan hasi zen Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako graduen aurkezpenarekin (Erizaintza eta Fisioterapia), Osasun Zientzien eraikineko ekitaldi aretoan, Barañaingo etorbidean. José Antonio Moler Cuiralek, Irakasleen Gaietarako Errektoreordetzako Irakaslego Arloko zuzendariak, koordinatu zuen hitzaldia, Ana Insausti Serrano Eskolako zuzendariordea lagun zuela.

Eta 10:00etan, halaber, baina Ikasgelategiko 09. ikasgelan, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko graduen aurkezpena egin zen. Graduak hauek dira: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza (EAZ), Ekonomia, Zuzenbidea eta EAZ gradu bikoitza, eta nazioarteko programa elebidunak (EAZ, Ekonomia eta Ekonomia eta EAZ gradu bikoitza). Manuel Rapún Gárate Ekonomia, Plangintza eta Kalitateko errektoreordea, Pablo Arocena Garro dekanoa, Antonio Gómez Gómez-Plana dekanordea eta Imanol Núñez Aldaz Fakultateko idazkaria bertan egon ziren.

Bestalde, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateak bi saiotan banatu zuen aurkezpena. Lehenbiziko saioan, goizeko 11:30ean Ikasgelategiko 012. gelan egin zen horretan, Gizarte Laneko eta Soziologia Aplikatuko graduei buruzko argibideak eman zituzten. Irakaskuntzako Errektoreordetzako Hizkuntza Berrikuntzaren Arloko zuzendariak, David Benito Pertusak, eman zuen hitzaldia, Fakultateko dekanorde Carmen Innerarity Grau eta Begoña Pérez Eransusekin batera.

Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko bigarren saioa Irakasle graduei buruzkoa izan zen (Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza). Ikasgelategiko 09. ikasgelan egin zen, 12:30ean, eta bertan parte hartu zuten Eloísa Ramírez Vaquero Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordeak, María Jesús Goikoetxea Tabar Fakultateko dekanoak eta Javier Arlegui dekanordeak.

Azkenik, Zientzia Juridikoetako Fakultateko Graduak (Zuzenbidea eta Lan Harremanak eta Giza Baliabideak) 11:30ean aurkeztu ziren 013. ikasgelan. Idazkariorde nagusia SoleDad Barber Burusco, José Francisco Alenza García dekanoa, eta Fakultateko idazkaria, Natividad Goñi Urriza, aritu ziren titulazio hauen gorabeherak azaltzen.

Arrosadiko campusean bigarren Ateak Zabaltzeko Eguna hurrengo larunbatean, martxoaren 31n, egingo da eta, horretan, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko eta Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko titulazioak aurkeztuko dira. Bi saioetarako egitarau osoa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgune ofizialean dago kontsultatzeko (www.unavarra.es).


Aurreinskripzio Astea


Ateak Zabaltzeko egun hauek, martxoaren hasieran Tuterako campusean egin zenaren moduan, Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2012-13 ikasturterako Aurreinskripzio Astea abian jarri baino lehen izaten dira, eta aurten, apirilaren 24tik 26ra bitartean (biak barne) izango da. Aurreinskripzioa Interneten bidez egiteko aukera dago eta informazio guztia webgunean dago www.unavarra.es.