Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak nekazaritza aseguruaren ezaugarriei eta hura aplikatzeko teknikei buruzko ikastaroa hasiko du ostiral honetan. Nekazaritzako Ekoizpen Sailak eta Nekazaritzako Aseguru Askotarikoen Aseguru Erakundeen Espainiar Elkarteak (Agroseguro SA) antolatu dute ikastaroa, eta hiru saiotan egingo da. Azkeneko saioan landa praktikak egingo dira.

Topaketa honen helburua da nekazaritza aseguruak ustiategietako errenten egonkortasunerako tresna gisa eskaintzen dituen aukerei buruzko ikuspegia ematea eta peritazio teknikak eta laborantza nagusien kalteen balioespena egiteko metodoak ezagutzea. Ikastaroa honako hauei zuzentzen zaie: Nekazaritzako Ingeniari Teknikoak, Nekazaritza Ingeniariak eta Agronomiako azken ikasmailetako ikasleak. Ikasleek hautaketa libreko kreditu bat lortuko dute.

Carlos Miranda NUPeko Landare Ekoizpeneko irakasleak koordinatuko du mintegia eta ostiral honetan, martxoaren 23an, hasiko da Espaniako nekazaritza-aseguruen sistema, egungo araudia eta munduko aseguru sistemak aztergai izango dituen jardunaldi batekin. Bigarren saioa martxoaren 30ean egingo da, eta gai hauek izango ditu aztergai: abere-aseguruak, belarki laborantzen, fruitu arbolen eta mahastien eta baratze laborantzen tasazioa. Azkenik, kalteen tasazio arazoak konpontzeari aplikatutako NUPeko Nekazaritza Ekoizpen Saileko ikerketa-lerroak aurkeztuko dira. Hirugarren eta azken saioa larunbatean, martxoaren 31n egingo da, eta landa praktikak egingo dira. Agroseguro SA erakundeko teknikariek eta NUPeko irakasleek emango dituzte ponentziak eta hitzaldiak.

Inskripzioak Nekazaritzako Ekoizpen Sailean egingo dira, eta informazio guztia www.unavarra.es webgunean dago.