Nafarroako Unibertsitate Publikoak Ikastegi edo Fakultateko bost arduradunetik lau berritu ditu ostegun honetan egindako hauteskundeen ondoren. Ignacio R. Matías Maestro da Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendari karguan jarraituko duen bakarra, bozketan José Sancho Rodríguez beste hautagaiak baino boto gehiago atera baitu. Bi hautagai aurkeztu ziren beste ikastegian, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatean, Eduardo Lacasta Zabalzak irabazi du, aurreko agintaldian María Jesús Goikoetxea Tabar dekano izandakoak baino boto gehiago atera baitu.
Gainerako ikastegi eta fakultateetan, hautatutakoak honako hauek dira: Pablo Arocena Garro (Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean), José Francisco Alenza García (Zientzia Juridikoen Fakultatean) eta Alberto Enrique Martín (Nekazaritzako Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan), hautagai bakarra aurkeztu baitzen kasu guztietan. Aldiz, Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako zuzendaria izateko ez zen hautagairik aurkeztu. Beraz, Estatutuek ezartzen duten bezala, errektoreak aukeratuko du behin-behinean funtzio hauek beteko dituen lotura iraunkorreko irakaslea, zuzendaria izan dadin.
Ikastegi eta fakultateetako Hauteskunde Batzordeek gaur, ostirala, sinatu dute hautetsien behin-behineko aldarrikapenaren ebazpena, eta erreklamazioak aurkezteko epea zabaldu dute. Martxoaren 22an alegazioak ebaztea eta hautagai hautetsiak behin betiko aldarrikatzea aurreikusten da.
Hauteskundeak atzo, osteguna, martxoak 15, egin ziren etenik gabe eguerdiko 12:00etatik arratsaldeko 17:00ak bitartean ikastegi eta fakultate bakoitzean. Prozesua NUPen Estatutuetan egindako azken aldaketaren ondorioz onetsi zen sistema berriaren bidez egin zen, eta horregatik, lehenengo aldiz irakasleek eta ikasleek zuzenean aukeratu zituzten ikastegietako ordezkari gorenak, boto haztatuaren bidez. Lotura iraunkorra duten irakasleen botoen balioa % 59 da; gainerako irakasle eta ikertzaileena % 21; eta ikastegi bakoitzaren titulazioetan matrikulatutako ikasleena gainerako % 20.
1 / 2