Joan eduki nagusira

zoom Batzordekideak, Paloma Vírseda erdian dutela,  elkarrekin jarrita, bilera hasi baino lehen.

Batzordekideak, Paloma Vírseda erdian dutela, elkarrekin jarrita, bilera hasi baino lehen.

Campus Iberus Nazioarteko Bikaintasun Campuseko Ikasle eta Enplegu Batzordea eratu da Nafarroako Unibertsitate Publikoak Tuteran duen campusean egindako bilera batean. Paloma Vírseda NUPeko Ikasleen Gaietarako errektoreordea da batzordeburua, eta Campus Iberus osatzen duten beste hiru unibertsitateetako ordezkariek (Lleida, Zaragoza eta Errioxa) eta proiektuaren koordinatzaileak osatzen dute halaber.

Batzordea eratzeko bileran izan ziren Paloma Vírseda, Juan Gallego NUPeko Unibertsitate-Gizarte Fundazioko Enplegu Arloko arduraduna, Mar Asensio Errioxako Unibertsitateko Ikasleen Gaietarako errektoreordea, Fernando Zulaica Zaragozako Unibertsitateko Ikasleen eta Enplegu gaietarako errektoreordea, eta Enric Herrero eta Fernando Guirado Lleidako Unibertsitateko Politika Zientifiko eta Teknologikoko eta Ikasleen Gaietarako, Graduondoko eta Prestakuntza Jarraituko Errektoreordetzari atxikiak, hurrenez hurren. José Javier Sánchez Campus Iberusen koordinatzailea ere bada batzordekidea.

Batzordearen lehen zereginetako bat izango da Hezkuntza Ministerioak Campus Iberusen enplegua sustatzeko eman duen laguntza-lerroa. Halaber, Batzordea arduratuko da Campus Iberusen Plan Estrategikoak enpleguari eta ikasleei buruz aipatzen dituen ekimenak abian jartzeaz.

Campus Iberuseko Ikasle eta Enplegu Batzordea gehitu behar zaie jadanik sortuta dauden batzorde hauei: Irakaskuntza, Ikerketa eta Transferentzia, Nazioartea, Aurrekontuak eta Graduondoko eta Nazioarteko Doktoretzako Zentroarena. Azken batzorde honen burua NUP da Alfonso Carlosena Ikerketa errektoreordearen bidez.

Hiru espezializazio-arlo dituen campusa

Hezkuntza Ministerioak Nazioarteko Bikaintasun Campusa kalifikazioa eman zion Iberus proiektuari 2010eko urrian. Hezkuntza Ministerioak Nazioarteko Bikaintasun Campusa kalifikazioa eman zion 2010eko urrian Iberus proiektuari. Aurtengo ekainean, Campus Iberus kontsortzioa sortzea erabaki zuten batzordea osatzen duten lau unibertsitateek. Proiektuan aurreikusitako jarduera guztiak abian jartzeaz eta kudeatzeaz arduratuko da erakunde hori.

Campus proposamena hiru espezializazio-arlotan oinarritzen da: bizi-kalitaterako materialak eta teknologia (bi alderdirekin: osasunerako teknologia, eta energia eta ingurumena); nekazaritzako elikagaiak eta nutrizioa; eta oroimena, ondarea eta identitateak. Campuseko unibertsitateek lankidetzan jardungo dute azpiegiturak, zerbitzuak eta zentro komunak abian jartzeko. Horien artean daude Nazioarteko Graduondo eta Doktoretza Zentroa, Berrikuntza eta Ekintzailetza Zentro bat, Enpresekin Ikertzeko Zentro Mistoak eta Nazioarteko Harrera Zentro bat.