Joan eduki nagusira

zoom Sergio Úbeda Munárriz

Sergio Úbeda Munárriz

Sergio Úbeda Munárriz NUPeko industria ingeniariak bere doktoretza tesian algoritmo bat garatu du, aukera ematen duena ingurumen aldetik ibilgailuentzat eraginkorrak eta garbiagoak diren, eta kutsadura gutxiago sortzen duten ibilbideak sortzeko. Errepideko garraioa da ingurumenean inpaktu gehien sortzen duena (% 83,7), eta jarraian aireko garraioa (% 14). 90. urteetatik, gero eta interes handiagoa dago isurpen kutsatzaileak murrizteko irtenbideak bilatzeko: hobekuntzak ibilgailuen diseinuan, erregai berriak, modu eraginkorrean gidatzea, trafiko mailak kontrolatzea, eta operazioen plangintza eraginkorrak egitea. Azken alderdi horren inguruan egin du ikerketa lana Sergio Úbedak.

Tesian aztertu ditu CO2 isurpenen estimazio ereduak eta salgaien garraiorako ibilbideen plangintza eta kalkulua egiteko garatu diren ereduak. “Ez da eredu berri bat aurkeztu —azaldu du Sergio Úbedak— baizik eta dauden metodoen egokitzapena, horiek ingurumenaren aldagaia sartu eta isurpen kutsatzaile gutxiago sorrarazten dituzten ibilbideak kalkula ahal ditzaten. Hau da, arazoaren helburua aldatu dugu: lehen ibilbide laburrenak edo ekonomikoenak eratzen genituen, eta orain garbienak edo gutxien kutsatzen dutenak".

Duela gutxi arte, CO2 isurpenen estimazio ereduak ez zeuden salgaiak garraiatzeko ibilbideak sortu eta diseinatzeko aplikazioetan. CO2 isurpenak estimatu besterik ezin dira egin, parametro hori ibilgailu bakoitzarentzat kalkulatzea oso konplexua delako, eta hainbat faktoreren mende dagoelako: ibilgailuaren ezaugarriak, erregai mota, ibilbidearen baldintzak (orografia, butxadura maila, e.a.), gidatzeko modua, eta baldintza klimatikoak, besteak beste.

"Jakina, garraio enpresek ibilgailuaren ezaugarriei eta garraiatutako zamari buruzko kontrola besterik ez dute, beraz, ikerketa alderdi horren inguruan egin da" azaldu du Úbeda Munárrizek. "Erregaiaren kontsumoa eta igorpen faktorea hainbat ibilgailu motatarako estimatzeko aukera ematen duen funtzio bat diseinatu dugu, banaketa prozesuaren ezaugarrien arabera, kontuan hartuta banaketa sarearen ezaugarriak, garraiatutako zama eta banaketaren sekuentzia".

Garatutako algoritmoa aplikatu zen Eroski Taldeko banaketa datuetan oinarritutako hainbat kasu ebazteko. Izan ere, NUPek hitzarmen esparru bat sinatu zuen talde horrekin, ingurumenari dagokionez, taldearen jarduera logistikoaren ahalmenak aztertzeko xedez. "Kasu errealetan aplikatu izanak, bi galderari erantzuten lagundu digu: banaketa sarearen tipologiak nola eragiten duen ateratzen den emaitzaren gain, eta ingurumenari dagokion funtzioak zer ondorio duen ibilbideen plangintzaren gain".

Ibilbide berde eta jasangarriak

Ikertzaile honek azaltzen duenez, isurpenak hoberentzeko irizpideak, ibilbide berdeenak eratzea bermatzen du. "Hala ere, ikusi da ibilbide laburrenak ez direla beti jasangarrienak izaten eta, batzuetan, ingurumen eraginkortasunaren helburuak, eta eraginkortasunarena, distantzia eta kostu terminoetan, ez direla bat etortzen.

CO2 isurpenen eskubide merkatuaren egungo balioa oinarritzat hartuz, kanpo kostua garraioaren gastuen kontabilitatean sartzeak, gaur egungo kostuaren % 2 gehiago inguru gehitzea ekarriko luke. Era berean, kostu hau gehituko litzateke beste kanpo faktore batzuk ere kontuan hartuko balira, esaterako zarata edo trafiko butxadura.

Helburuen arteko irtenbideei dagokienez, bat etorri ez diren kasuetan, aldaketa nagusia bezeroen bisiten hurrenkeran gertatu da. Hurrenkera horretan eragiten dute isurpen maila kontrolatzen duten parametroetako bik: bezeroen arteko distantziak, eta bien artean garraiatzen den zama kantitateak. "Honek erakusten du nola banaketa sarearen diseinuak eta haren hoberenketak, garraio jarduerek sorrarazten duten ingurumen inpaktua minimizatzen laguntzen dutela, eta ingurumen aldagaia kontuan hartzeak duen garrantzia garraio eragiketen logistika hoberentzeari dagokionez".

Laburbilduz, Sergio Úbedak nabarmentzen du ikerketaren emaitzek "enpresa ikuspegi berri bat eskaintzen dutela garraioaren kudeaketa integratuari eta haren ondorioei dagokienez, eta ondorio horiek aplikazio praktikoa dutela ondasunen banaketaren sektorean". Horri dagokionez, azaltzen du "hutsik egiten diren itzuleretan zamak sartzea edo finkatzea moduko praktikak eraginkorrak dira bai ingurumenari dagokionez, bai kostuei dagokienez".

Bere doktoretza tesiaren izenburua honako hau da: "Logistika berdea banaketa katean. Ibilgailuen ibilbideen plangintza ekoeraginkorra". Javier Faulín Fajardo NUPeko Estatistika eta Ikerketa Operatiboko katedradunak eta Francisco Javier Arcelus Ulibarrena New Brunswick Unibertsitateko (Kanada) irakasle emerituak zuzendu dute tesia eta Bikain kalifikazioa erdietsi du.

Sergio Úbeda NUPeko industria ingeniaria da, eta erakunde honetan lan egin du ikertzaile gisa honako sail hauetan: Ingeniaritza Mekanikoa, Enpresen Kudeaketa eta Estatistika eta Ikerketa Operatiboa. Erakunde publikoek erakunde pribatuekin lankidetzan diruz lagundutako hainbat ikerketa proiektutan parte hartu du, eta proiektu guztiak ingurumen inpaktuaren analisiarekin eta garraio eragiketen segurtasunarekin lotutakoak izan dira.

Bi artikulu idatzi ditu aldizkari zientifikoetan eta hogeitik gora artikulu eta komunikazio egin ditu nazioarteko biltzarretan. Gainera, International Journal of Production Economics eta Interfaces aldizkari zientifikoen ohiko aztertzailea da. 2009. urtetik lanbide jarduera garatzen du ZABALA Innovation Consulting enpresaren nazioarteko arloan.