Joan eduki nagusira

zoom Aurreko ikasturteko Ateak Zabaltzeko Eguna, Tuteran

Aurreko ikasturteko Ateak Zabaltzeko Eguna, Tuteran

Nafarroako Unibertsitate Publikoak larunbat honetan, martxoaren 10ean, egingo du lehengo Ateak Zabaltzeko Eguna. Aurten halako hiru egun izango dira, eta sarrera librea da. Beraz, Tuterako campusean, goizean, Ingeniaritza Mekanikoaren Diseinua eta Fisioterapia Graduei buruzko informazio-saioak izango dira. Hurrengo bi egunak Iruñeko campusean izango dira, larunbatean ere, martxoaren 24an eta 31n. Egun hauek hurrengo urtean unibertsitatean sartu nahi duten batxilergo eta lanbide heziketako ikasleei zuzenduta daude.

Tarazona etorbidea, z/g helbidea daukan Tuterako campuseko Ateak Zabaltzeko Eguna 11:00etan hasiko da, Ingeniaritza Mekanikoaren Diseinua Graduaren aurkezpenarekin. Pixka bat geroago, 12:30ean, Fisioterapia Gradua aurkezteko saioa egingo da.

Bai ikasleek, baita beren gurasoek ere, parte hartzen ahal dute Ateak Zabaltzeko Egun hauetan. Ikastegien eta titulazioen arabera antolatzen dira, eta informazio-saioez aparte, Tuterako campuseko instalazioak erakutsiko dira, batez ere laborategiak eta lantegiak.
Ateak Zabaltzeko Eguna aurreinskripzio aurreratuaren aitzindaria izango da. Azken hau apirilaren 24tik 26ra (biak barne) izango da, eta haren helburua da 2012-2013 ikasturtean unibertsitateko ikasketak egiteko asmoa daukatenek aurreinskripzioa egin dezaten, interneten bidez.

Iruñeko egunak

Aintzat hartzen ari garen egun hauek bi aste geroago edukiko dute segida, martxoaren 24an, Iruñeko campusean. Egun hartan titulazio hauei buruzko informazio-saioak izango dira: Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako titulazioei buruz (Erizaintza eta Fisioterapia). Zientzia Juridikoen Fakultateko titulazioei buruz (Zuzenbidea, Lan Harremanak eta Giza Baliabideak), Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatekoei buruz (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Gizarte Lana eta Soziologia Aplikatua) eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatekoei buruz (Ekonomia, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza, Zuzenbidea eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzaren gradu bikoitza, Ekonomia eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzaren nazioarteko programa elebidunak, eta Ekonomia eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzaren Gradu bikoitz eta elebiduna).

Halaber, martxoaren 31n, larunbatean, informazio-saioak izango dira beste titulazio hauei buruz: Nekazaritza Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko graduei buruz (Elikagaien Prozesuen eta Produktuen Berrikuntza Gradua eta Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza Gradua), eta Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikokoei buruz (Ingeniaritza Mekanikoa, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa, Ingeniaritza Mekanikoaren Diseinua, Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritza eta Ingeniaritza Informatikoa).

Iruñeko campuseko bisitan, laborategiak eta lantegiak erakusteaz aparte (ingeniaritzetako eta osasun arloko karreren kasuetan), unibertsitateko gainerako instalazioak ere erakutsiko dira (liburutegia, errektoretza...). Halaber, horretarako interesa daukatenek kirol instalazioak eta Urkiak Unibertsitate Egoitza ere ikusi ahalko dituzte.