Nafarroako Unibertsitate Publikoan, astearte honetan, martxoak 6, enpresen erantzukizun sozialerako (EES) sarrera ikastaro bat hasiko da. Enpresen Kudeaketa Sailak antolatu du ikastaroa, eta asmoa da erakusketa kontzeptualen bidez eta lantegi praktikoen bidez, bertaratzen direnei erakustea enpresaren erantzukizun sozialaren kontzeptuak; honelako erakundeen gizarte eta ingurumen dimentsioan interesa dutenak prestatzea, eta gizarte erantzukizuneko planak diseinatzeko behar diren baliabideak eskaintzea.
Ikastaroa NUPeko ikasleei eta unibertsitatetik ateratakoei zuzenduta dago, eta bi multzotan banatua dago. Lehenbizikoak "EESren kontzeptu-markoa" izenburua du, eta bihar, asteartean, hasiko da Emilio Huerta NUPeko Enpresen Antolamenduko katedradunak, eta Javier Husillos Unibertsitateko irakasleak emango duten "EESri buruzko oinarrizko nozioak: zenbait hurbilpen kontzeptual" izenburuko hitzaldi batekin. Lehen multzo hau beste bi hitzaldirekin osatuko da gai hauei buruz: bat, enpresen jarrerak EESren aurrean; eta bestea, erantzukizun memoriak Global Reporting Iniciative-n.
Bigarren multzoaren izena da "Nola egituratzen den EES saila enpresa batean". Gai honetako zenbait adituk azalduko dute enpresa batean erantzukizun sozialerako arlo bat sortzeko, ezartzeko, eta ebaluatzeko prozesua. Itxiera hitzaldia heldu den martxoaren 27an emango du Crawford Spence St. Andrews Unibertsitatean (Eskozia) doktore eta Arabiar Emirerri Batuetako Unibertsitateko irakasleak. Hitzaldiaren izenburua da "EESren erronkak eta desafioak krisi ekonomikoko testuinguru batean".
Planteamendu akademiko aurreratuenek akzionistez, langileez, hornitzaileez, bezeroez, administrazioaz, gizarteaz, edo ingurumen erakundeez osatzen den interes multzo baten moduan ikusten dute enpresa. Horregatik, enpresa baten helburua jada ez da soilik irabaziak hoberentzea, baizik eta bere interes taldeen eskaerak asebetetzea ere bai. Orduan, enpresaren erantzukizun soziala sortu da, enpresa modu orekatuan kudeatzeko formula gisa, bera osatzen duten multzo horien guztien interesei erantzunez.