Joan eduki nagusira

Unibertsitateko ikasleek eta tituludunek aukera daukate UniPROYECTA ekintzailetza lehiaketako IV. edizioko hautaketa-aldian parte hartzeko. Hau ekintzailetza sari nazionala da, eta bere helburua unibertsitate komunitateko espiritu ekintzailea sustatzea da. Aurkezteko epea martxoaren 27an bukatuko da, eta hautatzen den lana sariketara bidaliko da, beste gainerako unibertsitateetatik datozen proiektu guztiekin batera. Hautatutako lanak bi sari hauetako bat irabaz lezake: Portal Universia Saria, enpresa-proiekturik onena saritzen duena eta 10.000 euroko diru kopurua daukana, eta Fundación Universia Saria, ezgaitasunak dauzkaten pertsonei zuzenduta dagoena, eta 5.000 euroko diru kopurua daukana.

RUNAEk (Red Universitaria de Asuntos Estudiantiles - Ikasleen Gaietarako Unibertsitate Sarea) eta Universiak antolatzen dute lehiaketa. RUNAE Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziaren (CRUE) sektore-batzordea da. Ekintzailetza sustatzeaz aparte, lehiaketak garapen ekonomikoa eta soziala bultzatu nahi du, baita ezagutza sortzearekin eta berrikuntza teknologikoarekin lotutako enpresa-ehuna tinkotu ere. Nafarroako Unibertsitate Publikoak deialdiak dakartzan balioespen-irizpideak hobekien betetzen dituen proiektua aukeratuko du, bere unibertsitate-eremuan, lehiaketan parte hartzeko.

UniPROYECTA enpresa proiektuei zuzenduta dago, baina ikasleak eta unibertsitateko tituludunak, taldeka edo bakarka, partaide dituzten proiektuei. Esaterako, 2011/2012 ikasturtean NUPen edozein gradu titulazio, lizentziatura, diplomatura, ingeniaritza, ingeniaritza tekniko edo graduondo ofizialean matrikulatutako ikasle guztiek parte hartzen ahal dute. Deialdia egiten den ikasturtea baino lehenagoko bi ikasturteetan titulua lortu dutenek ere parte hartzen ahal dute, unibertsitate tituludunen taldekoak direnez gero. Enpresa proiektuetan lehen aipatu ditugun sailetan sartzen ez diren pertsonek ere parte hartzen ahalko dute, betiere hauek lan-taldearen % 33 baino gutxiago badira, kopuruz eta lan-zamaz.

Honako hauek izango dira aurkeztutako proiektuak ebaluatzeko irizpideak: produktu edo/eta zerbitzuaren eta erabilitako teknologiaren berrikuntza-maila; proiektuaren garapen-maila eta enpresa-bideragarritasuna; aniztasuna kudeatzera bideratutako enplegua sortzea; enplegua sortzeko gaitasuna eta enpleguaren kalitatea; errentagarritasuna eta garatzeko eta hazteko ahalmena; nazioartean zabaltzeko ahalmena, baliabide eskuragarriak baliatzea, ekintzaileen egiazko engaiamenduaren maila, proiektuaren Erantzukizun Sozial Korporatiboa eta jasangarritasuna.

Epeak eta eskabideak

Interesdunek NUPeko erregistro orokorretan aurkeztu beharko dute eskabidea, Iruñeko edo Tuterako campusetan, martxoaren 27ko 14:30ak baino lehen. Eskabideak Ikasleen Gaietarako Errektoreordetzari zuzenduko zaizkio. Eskabidean datu hauek eman behar dira, besteak beste: proiektuaren izenburua eta laburpena, enpresa-proiektuaren sustatzaileak; berariaz adierazi beharko da proiektuak lehiaketaren oinarriekin daukan lotura.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ebaluazio-batzordea apirilaren 2an bilduko da, eta hautaketa-aldi honetako epaia emango du. Hautatutako proiektua antolatzaileen esku geratuko da, bere jarraipena egiteko eta aurkeztutako dokumentazioa egiaztatzeko.

Web-orrialde honetan daude lehiaketaren oinarriak, oso-osorik: www.uniproyecta.es