Joan eduki nagusira

zoom Pablo Alonso, ezkerrean, eta David Urra

Pablo Alonso, ezkerrean, eta David Urra

Pablo Alonso del Valle Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Kontseiluko buru hautatu dute. Kontseilu hori ikasleen eztabaida, kontsulta eta ordezkaritza organoa da, eta honako kide hauek osatzen dute: Unibertsitateko Klaustroan ikasleek dituzten ordezkariek eta Graduko eta lehen, bigarren eta hirugarren zikloetako talde-ordezkariek. Atzo, asteartea, otsailak 21, Ikasleen Kontseiluak egindako osoko bilkuran hautatu zuten. Bileran, batzorde iraunkorreko kideak berritu eta ikasleek ikastegietako batzordeetan (ikastegietan eta fakultateetan) eta sailetako kontseiluetan dituzten ordezkariak izendatu zituzten. Pablo Alonsok ordezten du Pedro José Velasco, 2010eko abenduan Kontseiluko buru izendatu zutena.

Ikasleen Kontseiluko burua berritzeko prozesura bi hautagai aurkeztu ziren. Pablo Alonso del Valle eta Alberto Van Oldenbarneveld. Ikasleen Kontseiluko osoko bilkurak Pablo Alonso hautatu zuen buru. Hautagaia independente gisa aurkeztu zen eta Lehen Hezkuntzako Irakaslearen Graduko 2. ikasmaila egiten ari da. Alonsok David Urra aukeratu zuen idazkari posturako. Urra Soziologia Aplikatuko Graduko 2. ikasmailako ikaslea da.

Paloma Vírseda Ikasleen Gaietarako errektoreordearen agerraldiak amaiera eman zion bilkurari. Errektoreordea organo honen aurrean aurkeztu zen, eta organoko kideek egin zizkioten galderei erantzun zien.

Kontseiluaren eskumenak

zoom Paloma Vírseda Ikasleen Gaietarako errektoreordea aurkezpena egiten

Paloma Vírseda Ikasleen Gaietarako errektoreordea aurkezpena egiten

Ikasleen Kontseilua eztabaida eta kontsulta organoa da, eta Ikasleen Gaietako eta Nazioarteko Harremanetarako Errektoreordetzaren mendekoa da. Bere eskumenen artean dago, besteak beste, ikasleen ekimenak bideratu, eztabaidatu eta proposatzea; unibertsitateko komunitateari buruzko informazioa biltzea ikasleei helarazteko; Unibertsitateko zerbitzuen ebaluazio prozesuetan parte hartzea; Kalitate Batzordean dituen ordezkariak hautatzea; edo ikastegietako batzorde eta sailetako kontseiluetako kide izango diren ordezkariak hautatzea.

Ikasleen Kontseiluaren organoak hauek dira: osoko bilkura, zeina gutxienez urtean behin bildu behar baita irakaskuntza-aldian, eta Batzorde Iraunkorra, batzordeburuak, idazkariak eta zazpi mahaikidek osatua –sei ikastegi bakoitzeko eta Hirugarren Zikloko ikasleen ordezkari bat-.