Joan eduki nagusira

zoom Eztabaida-Ligaren aurreko edizioan parte hartu zuten taldeetako bat

Eztabaida-Ligaren aurreko edizioan parte hartu zuten taldeetako bat

Guztira, sei talde lehiatuko dira otsailaren 22an eta 23an Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitateko XI. Eztabaida-Ligan, eta hamaikagarren edizio honetan hautatuko gaia elikagai transgenikoena da. Liga irabazten duen taldeak 700 euroko saria irabaziko du eta G9ko Unibertsitateen Unibertsitateko IV. Eztabaida-Ligan parte hartuko dute Oviedoko Unibertsitatean otsailaren 29tik martxoaren 2ra. Bigarren sailkatzen den taldeak 500 euroko saria jasoko du, eta hirugarrenak 300 eurokoa. Gainera, Joaquín Pascal saria emango diote hizlari hoberenari.

"Elikagai transgenikoak ote dira gosearen aurkako panazea unibertsala?" Galdera horri erantzun beharko diote NUPeko XI. Eztabaida-Ligan parte hartzen duten taldeek. Ekimen honek Nafarroako Parlamentuaren laguntza du. Heldu den asteazkenean, otsailaren 22an, 16:00etan hasiko da sailkapen fasea Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko ekitaldi aretoan. Torneoko final aurrekoa eta finala biharamunean egingo dira, ostegunean, otsailaren 23an.

Eztabaidetan parte hartzen duten taldeek aurkako jarrerak defendituko dituzte: talde batek aldeko jarrera izango du eta eta beste taldeak aurkakoa, baina defenditu behar duten jarrera zozketaz erabakiko da eztabaida egin baino minutu batzuk lehenago. Eztabaidak 34 minutuko iraupena izango du. Talde bakoitzak hasierako azalpena egiteko txanda izango du (4 minutu), bi txanda eztabaidarako (5 minutu bakoitzean) eta 3 minutu ondorioak azaltzeko.

Puntuak ematerakoan, epaimahaiak hainbat alderdi hartuko ditu kontuan, esaterako, argudioen aniztasuna, ebidentzien zorroztasuna, eztabaidaren galderari erantzuna ematea, ahotsa zein isiluneak menderatzea, naturaltasuna eta adierazgarritasuna, ikusizko kontaktua, hasiera liluragarriak, argudio zehaztuak, bukaera irmoak, hizkera askotarikoa eta egokia, hitza ematea, txandak egoki erabiltzea, erantzunen arintasuna eta taldearen jokaera.

Talde bakoitza lau edo bost kidek osatuko dute. Horietako bat kapitain gisa arituko da, bi hizlari gisa eta gainerakoak ikertzaile arituko dira. Gainera, aukeran, taldeek tutorea edukiko dute, gaien prestaketan laguntzeko eta zalantzak argitzeko. Tutore hori ez da ezinbestean unibertsitateko kidea izan behar, baina eztabaidak egiten ari direnean, ezin izango du taldearekin inolako harremanik izan.

Ekimen honen helburua da Unibertsitateko ikasleen artean jendaurreko elkarrizketa eta ideien alderaketa sustatzea, betiere, elkarbizitzan trebatzeko eta norberak dituen trebetasunak garatzeko. Gainera, torneo honetan parte hartzen duten ikasle guztiek hautaketa libreko kreditu bat edo 0,5 ECTS kreditu jasoko dute. Bestalde, irabazten duen taldeko kideek hautaketa libreko 2 kreditu edo ECTS kreditu bat jasoko dute.