Joan eduki nagusira

zoom Mª Asunción Arrechea Irigoyen

Mª Asunción Arrechea Irigoyen

Egun uste bada ere gene-adierazpenaren profilak direla bularreko kartzinomak sailkatzeko modurik hoberena, horretarako tumore zelulak identifikatzen dituzten markagailu inmunohistokimikoak baliatzea proposatu du Mª Asunción Arrechea Irigoyenek bere doktoretza tesian. "Markagailu horiek baliatuz, zeinak erabilgarri baitaude Anatomia Patologikoaren Zerbitzu gehienetan —azaldu du—, pronostiko okerrena duten azpitaldeak zedarritu ditugu, eta horrek, aldi berean, banan-banako tratamenduak diseinatzeko aukera ematen digu, ahalik eta onurarik handiena lortzeko ahal den arrisku txikienarekin".

Bere doktoretza tesiaren izenburua “Subtipos moleculares del cáncer de mama: implicaciones pronósticas y características clínicas e inmunohistoquímicas” da. Francisco Guillén Grima Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzien Saileko katedradunak eta Francisco Vicente García Nafarroako Ospitaleguneko Bularreko Kirurgiako Unitate Klinikoko buruak zuzendu dute tesia, eta bikain cum laude kalifikazioa erdietsi du.

Bularreko kartzinomak tumore multzo heterogeneoa dira, bai portaera klinikoan, bai pronostikoan. Arrechea doktoreak markagailu inmunhistokimikoak baliatu zituen bere ikerketan, "pronostiko definizio hobea eskaintzen baitute sailkapen histologiko klasikoak baino; hobeki aurreikusten dute gaixotasunaren garapena". Markagailu horien bidez bost azpitipotan sailkatu zituen Nafarroako Ospitalegunean bularreko kartzinoma diagnostikatu zitzaien 272 gaixo. Gero, irizpide anatomopatologiko klasikoak eta inmunohistokimikoak aztertu ziren, bai eta azpitipoen biziraupen eta berrizkatura ereduak ere.

Lortutako emaitzen bidez egiaztatu zen bi azpimotak ezaugarri ez aldekoagoak zituztela (azpitipo basala eta HER2 positiboak), bai eta biziraupen gutxiago eta berrizkatura tarte txikiagoa ere bai. Kartzinoma luminalek, berriz, ezaugarri eta pronostiko hobeak zituzten.

Mª Asunción Arrechea Irigoyen Medikuntzan eta Kirurgian lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean eta Zaintza Aringarrietako Masterra Institut Català d’Oncologian eta Bartzelonako Unibertsitatean. Halaber, espezialista da anatomia patologikoan eta medikuntza orokor eta komunitarioan, eta azken espezialitate hau Swansean, Galesen (Ingalaterran) egin zuen.