Eva Bacaicoa Ilundain Biologian lizentziadunak NUPen defenditu duen doktoretza tesian ikertu du landare hormona nagusien eragina, landareek burdina gabezia dutenean ematen duten erantzunean. Zehazki, aztertu ditu hidroponian landatutako luzoker landareak (hidroponian mineral disoluzioak erabiltzen dira, nekazaritzako lurzoruaren ordez), eta burdina gabeziagatik estres egoeran daudenak. Azaltzen duenez, "sustraiek burdina asimilatu eta landarearen barnera garraia dezaten, sustraien erantzun-mekanismoak suspertu behar dira, eta lan horretan hostoetako azido Indol-3-azetikoaren kontzentrazioaren beteklzuna oso garrantzizkoa da".
Burdina falta galera ekonomikoen iturri handia da nekazarientzako, eta horregatik gaur egun ikerketa asko egiten da jakiteko zenbaterainoko gaitasuna daukaten landareek falta horri eusteko, baita falta hori nola ordezka daitekeen atzemateko ere. "Kelatoak dira arazoa hauek arintzeko burdina-iturri eraginkorrena, baina beren komertzializazioa oso zabalduta dagoen arren, etengabe ari dira beste aukera batzuk bilatzen", esan du Eva Bacaicoak. Horrela, ikerketaren helburua, gaur egun, landarearen mekanismo kontrolak ezagutzea da, "honek lagunduko liokeelako nekazariari ongarrietan eta zuzentzaileetan egiten den gastua optimizatzen."
Bere doktoretza tesiaren ikerketa-gaia hauxe izan da: ea zer paper jokatzen duten landare-hormona garrantzizkoenek luzoker landareen sustraietan sortzen diren erantzunetan, burdina falta denean. Helburua zen "gramineak ez diren landare dikotiledoneoetan eta monokotiledoneoetan burdina lortzeko estrategia martxan jartzen duen seinalerik garrantzizkoena zein den, hormonala izango dela apustua eginez, eta landarearen aire-alderdiaren eta lur azpiko alderdiaren funtsezko komunikazioan garrantzizkoa izango dela azpimarratuz".
Lortutako emaitzen ondoren, martxan jartzeko seinalea azido indol-3-azetikoaren kontzentrazioaren igoera dela proposatzen du. "Landaren hormona honen eta beste hainbat fitoerregulatzaileren arteko interakzioak betekizun garrantzizkoa jokatzen du burdina lortzeko estrategiaren erregulazioan, landatutako landareek mikronutriente honen falta sumatzen dutenean garatzen dutena", adierazi du. Ildo beretik, adierazi du hormona honen deribatuetan oinarritutako espezifikotasuna daukaten ongarriak erabiltzeak "erakutsi duela burdina-hartzea hobetzen dela baratzeko laboreetan eta fruta-arboletan, eta galera ekonomikoak saihesten dituela, fruituen tamainaren eta kalitatearen txikiagotzea eragozten duelako".
Tesiaren izenburua Función del ácido indol-3 acético en la regulación parte aérea – raíz de la respuesta radicular a la deficiencia de hierro en la planta de pepino (Cucumis sativus, L.) da. José María García-Mina Freirek, TimacAGRO enpresaren I+Gko departamentuko zuzendariak, eta Nafarroako Unibertsitateko Kimika eta Edafologia Saileko irakasle elkartuak, zuzendu du tesia, zeinak bikain cum laude kalifikazioa lortu baitu.
Eva Bacaicoa Ilundain Biologian lizentziaduna da, Nafarroako Unibertsitatean (2002). Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nekazaritzako Ekoizpen Saileko doktoretza programa egin du, eta TimacAGRO S.A. enpresaren I+Gko departamentuan garatu du bere ikerketa lana. Zazpi artikulu argitaratu ditu aldizkari zientifikoetan, eta nazioko zein nazioarteko biltzarretako hamarren bat argitalpen dauzka. Bi ikerketa proiektutan parte hartu du, eta beste hainbat ikerlarirekin batera egin duen lanaren ondorioz, 4 patente nazional eta nazioarteko lortu dira. 2007. urtetik TimacAGRO S.A. enpresaren I+Gko departamentuko proiektu ikertzaile lan egiten du.