Joan eduki nagusira

zoom Gayarre Antzokian egindako "Hagamos un trato" lanaren emanaldiaren irudi bat

Gayarre Antzokian egindako "Hagamos un trato" lanaren emanaldiaren irudi bat

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Antzerki Taldea berriro hautatua izan da “Presas” lanarekin parte hartzeko Festival D’Hiver lehiaketaren XI. edizioaren finalean. Pariseko HEC Unibertsitateak antolatzen du nazioarteko ikasleen antzerki lehiaketa hau. Frantzia, Suitza, Italia eta Errusiako beste hainbeste unibertsitatetako taldeetako ikasleen beste sei antzerki talderekin lehiatuko da NUPeko Antzerki Taldea. Jaialdia otsailaren 20a eta 23a artean egingo da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ordezkarien emanaldia hilaren 22an izango da.

Festival D’Hiver lehiaketaren bidez, frantziar ikusleei aukera eman nahi zaie azken aldi honetako ikasleen antzerkigintzan egin diren lan hoberenak ezagutzeko. Profesionalez eta ikaslez osatutako epaimahaiak sariak ematen dizkie zuzendari hoberenari, gizonezko aktore hoberenari, emakumezko aktore hoberenari eta muntatze hoberenari. Aurreko edizioan, NUPeko Antzerki Taldea hautatua izan zen finalean parte hartzeko "Presas" lanarekin, eta muntatze hoberenari eta emakumezkoen interpretazio hoberenari emandako saria lortu zuen.

"Hagamos un trato" antzezlana Óscar Orzaizek zuzendu du eta Mario Benedettiren poema, ipuin eta eleberrietatik ateratako testu multzo bat da, Miguel Goikoetxandiak egokitu duena. Mario Benedetti uruguaiarra “belaunaldi kritikokoa” izan zen eta bere garaiko krisialdi politiko eta ekonomikoak eragina izan zuen beragan. Borroka horrek ezinbestean erbesteratzera behartu zuen herrialdez herrialde, eta hori beti dago agerian bai bere bizitzan bai bere lanean. Guztiz leku batekoa ere ez izatearen barne hutsunea, edo norberaren etxera itzultzean arrotz sentitzea, bere idazkietan behin eta berriz agertzen diren gaiak dira, eta horietatik sortu da “Hagamos un trato” lana.

Lana joan den urtean estreinatu zuten eta Burgos, Ourense (Unibertsitateko Nazioarteko Antzerki Erakusketa), Vigo, Zaragoza eta NUPeko Kultura Jardueretako ikasturte amaierako galan jokatu da. Gala hori Iruñeko Gayarre Antzokian egin zen. Martxoaren 16an, NUPeko Antzerki Taldeak "Hagamos un trato" estreinatuko du Tuteran Gaztambide Antzokian egingo den emanaldiarekin.

Unibertsitateko Antzerki Taldea berrogeita hamar lagun baino gehiagok osatzen dute, eta 2004an sortu zenetik ia hamar bat lan taularatu ditu. Taldean parte hartzen duten ikasleek prestakuntza eskolak hartzen dituzte larunbatetan honako arlo hauetan: gorputz adierazpena, ahots teknikak, erritmoa, inprobisazioa, dantza eta koreografia, interpretazioa edo makillajea. Gainera, urtero bi lan egiten dira, bat esperientzia gehien duten ikasleekin, eta beste bat esperientzia hartzeko eta antzerkiaren teknika lantzeko balio izaten duena.