Joan eduki nagusira

zoom Alfredo Hoyuelos.

Alfredo Hoyuelos.

Alfredo Hoyuelos Planillo Nafarroako Unibertsitate Publikoko Didaktika eta Ikastetxearen Erakuntzako irakasleak Nafarroako haur eskoletan garatutako esperientziei buruzko artikuluak biltzen dituen Tarbiya aldizkariaren monografiko bat koordinatu du. Madrilgo Unibertsitate Autonomoak argitaratutako aldizkari horrek hamabost artikulu biltzen ditu guztira, eta Iruñea, Berriozar, Lizarra edo Baztango haur eskoletan lan egiten duten irakasleek idatzi dituzte artikulu horien erdiak.

Hoyuelosek, Iruñeko Haur Eskoletako Adierazpen Lantegietako koordinatzailea ere badenak, monografiko honen bidez, haur hezkuntzako irakasleen ahotsa unibertsitatera eraman nahi izan du beren ikastetxeetan egiten dituzten irakaskuntza praktiken bidez. Horretaz gainera, bai 0-3 urteko tarteko bai 3-6 urteko tarteko esperientziak bildu ditu aldizkarian. Sarreran, Alfredo Hoyuelosek nabarmentzen du oso garrantzitsua dela Tarbiya bezalako aldizkari batek, aipatu Unibertsitateko Hezkuntza Zientzietako Institutuak argitaratzen duenak, hezkuntzaren arloan lan egiten duten profesionalen ahotsen "oihartzuna areagotzea, eta aitorpena eta balioespena ahalbidetzea".

zoom Aldizkariaren azala

Aldizkariaren azala

Artikuluetan ikastetxe hauetako hezkuntza-esperientzien berri ematen da: Iruñeko Izartegi eta Egunsenti udalaren haur-eskolak, Iruñeko San Frantzisko eskola, Berriozarko haur eskolak, Lizarrako haur eskola eta Baztango udal eskola. Kasu batzuetan, ikastetxe horietan haurrekin egindako azterketei buruzkoak dira testuak, eta, beste kasu batzuetan, esaterako Baztango ikastetxearen kasuan, azaltzen da nola egokitu zen eskolako eraikin berriaren arkitektura ikastetxeko profesionalek prestatutako hezkuntza proiektura.

Hoyuelosek aipatu du monografikoko esperientzia guztiek berezitasun bat dutela. "Irakastera baino ikastera joaten dira hezitzaileak ikastetxeetara. Haurrek beren gaitasunak erakusten dituzte eta irakasleek behatu, ikertu eta dokumentatu egiten dute ikusitakoa, ikasteko eta ezagutzera emateko", esan du Tarbiya aldizkariaren ale honetako koordinatzaileak.

Hoyuelosek azaldu duenez, lan honen azken helburua da monografikoa lan kritikoko eskuliburu bat izatea Irakasletzako unibertsitateko ikasleek beste profil profesional bateko esperientziak ezagut ditzaten. Tarbiya aldizkariaren azken alearen izenburua "Haur hezkuntza: abesti bat hainbat ahotsetara" da, eta kontsultagai egongo da helbide honetan: http://www.uam.es/servicios/apoyodocencia/ice/tarbiya/