Joan eduki nagusira

zoom Carlos López Molina

Carlos López Molina

Logika lausoa adimen artifizialean erabiltzen da mota askotako problemak ebazteko. Bidea ematen die ordenagailuei gizakiok erabakiak hartzeko dugun modua imitatzeko, baina askoz azkarrago. Joan den astean Valladoliden egin zen Teknologiei eta Logika Lausoari buruzko XVI. Biltzar Espainiarrean, Carlos López Molina NUPeko doktoretzako ikasleak ikerlari gazteen lan hoberenari saria jaso du aplikazioen modalitatean. Bere lanaren izenburua da "Ertzak detektatzea tarteetako irudietan", eta bertan sistema berri bat aurkeztu zuen, zeinaren bidez, irudi baten pixelei balio tarteak esleituz, irudi baten ertzak hobeto detektatzeko aukera dagoen.

Irudi baten ertzak detektatzeak garrantzi berezia hartzen du aplikazio medikoetan; adibidez, tumore bat noraino zabaldu den mugatzeko. Lanaren egileak azaltzen duenez, irudiak zuri-beltzean aztertzean, jakin behar da non ari den aldatzen kolorea, eta zer nolako aldaketen bila ari den sendagilea, datu horiek diagnosia egiten lagunduko diotelako. Une honetan, Humberto Bustince katedradunaren ikerketa taldeko zenbait kide Ganteko Unibertsitateko ikertzaileekin lankidetzan ari dira, modelatuan ertzak detektatzean eta prozesu biokimikoen simulazioan dituzten garapena aplikatzeko xedez.

"Argazki bat egitean —azaltzen du Carlos Lópezek— akatsak egon daitezke, zaratak, argiztapen ezegokia edo sentsorearen huts egiteak daudelako. Logika lausoak ziurgabetasun hori modelatzeko eta ulertzeko tresnak eskaintzen ditu, metodo klasikoen emaitzak hobetzeko xede nagusiarekin".

Ordenagailuko irudi bakoitza pixel (irudi digital bat osatzen duen unitate txikiena) askoz osatua dago, eta horiek, handituta, lauki txikiak bezala ikusten dira. Orain saritu den lanak honako hau proposatu du: "pixel bakoitzarentzat balio bakar bat erabili beharrean, tarte bat esleitzea. Hau da, zuri-beltzeko irudi batean, pixel bakoitzak tonu gris bakar bat eduki beharrean, pixel horrek har zitzakeen tonu guztiak hartzen dituen tartea edukiko du. Honek informazio gehiago eskaintzen du irudiak aztertzeko eta, ondorioz, akats bat egiteko aukerak murrizten ditu.

Irudiak tarteekin

"Neurri bat hartu behar duzunean —azaltzen du lanaren egileak— zehaztasun handiena baduzu ere, beti hartu behar da kontuan neurtze akats bat egon daitekeela (errore-tarte bat). Guk ezarri dugu argazki bat ateratzean posizio batean oker zaitezkeela (ondorioz, pixela posizio bat mugi dezakezu bere ingurukoekiko), eta tonu batean, gris balio batean —gris hori nolako argia edo iluna den adierazten duen 0tik 255era arteko zenbaki batean—. Azken batean, ez dakizu zehatz-mehatz zein den pixel baten balioa, baina badakizu, lerrun jakin batean egon behar dela, eta tarte hori eratzen duzu pixel bakoitza ikusiz, zein den bere balioa eta nolakoak diren bere inguruko pixelak. Nolabait pentsatzen duzu: akats egin badut, non edo zertan egingo ote nuen akatsa? Emaitza irudi bikoitzat har genezake, pixel bakoitzarentzat estimazio handiago bat eta beste txikiago bat edukiko dituzulako. Irudi hauek irudi klasikoek baino informazio gehiago dute, baina informazio ez zehatza erabiltzeko erronka ere badute".

Jatorrizko iruditik tarteetako irudia atera ondoren, hainbat estimazio egiten dira eta logika lausoa erabiltzen da tarteetako datuekin lotutako zehazgabetasuna maneiatzeko. "Azkenean, egin ditugun aurretiko frogetan, emaitzek, % 10 eta % 20 artean kuantifika zitezkeen hobekuntzak ekarri dituzte".

Zehazgabetasuna tarteen bidez adierazteko modu honek eraman du Carlos López Molina ikerlari gazteen lan hoberenari saria jasotzera aplikazioen modalitatean. Carlos López NUPeko informatika ingeniaria da eta, gaur egun, "Ertzak detektatzea grabitazio unibertsalaren legea eta logika lausoa erabiliz" doktoretza tesia prestatzen ari da. NUPeko Automatika eta Konputazio Saileko Humberto Bustince katedraduna eta Bernard De Baets Belgikako Ganteko Unibertsitateko Matematika Aplikatuko Saileko katedraduna dira bere tesiaren tutoreak. 2011. urtean finalista izan zen ikasleek aurkeztutako lan hoberenari sariaren kategorian, Frantziako Aix-les-Bains hirian egin zen Teknologiarako eta Logika Lausorako Europar Gizartearen Biltzarrean.