Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko EDARTE Ikerketa taldeak (Hezkuntza eta Artea), Bartzelonako Unibertsitateko ESBRINA ikerketa taldearekin lankidetzan, "Gazteekin ikertzea: zer dakigu gazteei buruz ikusizko kulturaren ekoizle gisa?" izenburua duten II. Jardunaldiak egingo ditugu otsailaren 10 eta 11n. Azterketa-esparru honetan aritzen direnen artean ezagupenak, esperientziak eta iritziak trukatzeko gune bat bezala antolatu da topaketa.

Jardunaldiak Iruñean egingo dira, Fuerte del Príncipe gazteen egoitzako ekitaldi-aretoan, eta joan den urtean Bartzelonan egin ziren jardunaldiei jarraipena emango diete. Orduko hartan arreta-gunea gazteekin egindako ikerketari buruzko epistemologia, metodologia eta etika kontuek bereganatu bazuten ere, jardunaldi honetan gazteek ikusizko kulturaren ekoizle gisa eta auzi honek ikerlanean dituen ondorioek bereganatuko dute.

EDARTE diziplina anitzeko talde bat da. Kultura-ekoizpen garaikideko testuinguru desberdinetako hezkuntza-esperientziak aztertzen ditu, eta, bereziki, arteen eta ikusizko kulturaren esparrukoak, hala nola eskolak, museoak eta arte eta ondare zentroak. Bere ikerketa-lerro nagusiak dira arte-hezkuntza eskoletan, museoetan, ondare eta arte hezkuntza, gazteak eta ikusizko kultura, eta hezkuntza eta esperientzia estetikoa.

Ikerketa-talde honek gazteekin eta gazteei buruz egin dituen ikerketa proiektuen artean, aipatzekoak dira hauek: "Ikusizko kulturaren ekoizle diren gazteak: gaitasun eta jakintza artistikoak bigarren hezkuntzan", Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatua; "Hau ez da erakusketa bat", Arte Garaikideko Huarte Zentroarekin lankidetzan, eta "Bigarren Hezkuntzako ikasleen ikusizko eta musika arloko iruditerien azterketa", Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak finantzatua.


Eztabaida-mahaiak eta hitzaldiak


María Reyes González Vidal Granadako Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatekoak ostiralean, 18:30ean, emango duen hitzaldiarekin hasiera emango zaie jardunaldiei.

Larunbatean, otsailaren 11n, hiru eztabaida-mahai izango dira: Gazteak ikusizko kulturaren ekoizle gisa eta identitate prozesuak, gazteak ikusizko kulturaren ekoizle gisa eta hezkuntza-erakundeak: harremanak eta esperientziak; eta gazteen jakintzak ikusizko kulturaren ekoizpenean eta erabileran. Bi pertsonak koordinatuko dute mahai bakoitza gaiaren araberako helburua bideratuz eta eztabaida sustatuz, bai eta aurkeztutako komunikazioen inguruko galderak ere.

María Jesús García Camón Iruñeko Arte Eskolako irakasleak 17:00etan emango duen hitzaldiak eta ondoren egingo den amaierako eta ondorioak aurkezteko ekitaldiak bukaera emango die jardunaldiei.

Jardunaldi horietan interesa dutenek informazio gehiago eskuragarri dute web-orrialde honetan: www.edarte.org