Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Tuterako campusean egingo dira, heldu den ostiralean, otsailak 10, Nafar enpresa eta diseinua izeneko II. Jardunaldiak. TIIGMET Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak antolatu ditu jardunaldiak. Topaketa honen xedea da unibertsitate foro bat sortzea, enpresen eta diseinuaren arteko harremanak aztertzeko, edozein aplikazio eremutan. Bigarren edizio honetan diseinuaren zeregina balioetsi nahi da, enpresa berriak sortzeko faktore gako gisa.

Oraingo honetan, diseinuaren arloko profesional ospetsuak parte hartuko dute. Horien artean daude Manuel Lecuona Diseinuaren Kudeaketan katedraduna Valentziako Unibertsitate Politeknikoan; Organza europar proiektuaren Nafarroako arduraduna, Lucia Nieto; Iruñeko “Sala de Máquinas” elkartea; eta Miguel Abarca eta Kiko Gaspar, Discoh Industria Diseinuko Estudiokoak. Jardunaldi hauetako programa helbide honetan kontsultatzeko dago: http://www1.unavarra.es/actualidad/congresos.

Mintegia NUPen Tuterako campuseko ekitaldi aretoan egingo da, eta Carmelo Puyo Irisarri Unibertsitateko Ingeniaritzan Adierazpen Grafikoaren irakasleak emango dio hasiera. Manuel Lecuona Lópezek emango dio hasiera zikloari, "Diseinua enpresan egiten da, enpresa diseinuan egiten da" izenburuko hitzaldiaren bidez. Diseinuaren Kudeaketan katedraduna Diseinuaren Kudeaketa eta Ikerketa Taldeko kide fundatzailea, eta Diseño Impiva Disseny Dokumentazio Zentroko zuzendaria da, eta azalduko duen gaia hauxe da: diseinuaren kudeaketa enpresa barnean, enpresa balioen sorreran arlo guztiak bateratzeko xedez, eta merkatu ezegonkorren egoera aurreikusezinen aurrean erreakzionatzeko xedez.

Lucía Nieto Sádaba izango da "Esperientziak Diseinuan eta Enpresetan" izeneko bigarren hitzaldiaren protagonista. Organza Proiektuaren arduraduna da Nieto Nafarroan. Sormen industria eskualde garapenerako planen agendan kokatzea helburu duen INTERREG IV C Ekimenaren barnean kokatzen da proiektua. Bere hitzaldian argudiatuko du diseinuaren metodologiak enpresen berrikuntza prozesuetan inplantatu behar direla sozietate ezberdinak eratzeko, eta diseinuaren eta sorreraren industriari buruzko Organza europar proiektuan parte hartzen ari diren herrialdeen esperientziak azalduko ditu.

“We believe in Ourselves” da programako hirugarren hitzaldiaren izenburua, eta DISCOH Diseño 2008an fundatu zuten Kiko Gaspar eta Miguel Abarcak emango dute. Beren lanaren oinarria da industria diseinuaren kontzeptua "diseinu koherentea" izan behar dela, modetatik eta diseinu efektistengandik urrun, eta garapenerako eta fabrikaziorako irizpide logiko eta koherenteetara bideratua.

Topaketa osatzeko, “Espazio partekatuak” hitzaldia emango du Borja Alcate, Ion Minde eta Mikel Rodriguezek osatzen duten “Sala de Máquinas” elkarteak. Talde honek badu espazio bat sormenaren inguruko esperientziak eta ezagutzak partekatzeko, eta praktika berritzaileak eta esperientzia alternatiboak sustatzeko. Eguerdiko 13:00etan jardunaldiei amaiera emango die Amaia Pérez Ezcurdia TIIGMETeko zuzendariordeak.