Joan eduki nagusira

zoom Sario eraikineko sarreran dago erakusketa

Sario eraikineko sarreran dago erakusketa

Sario eraikineko sarreran dagoen erakusketa batek Nanoteknologia Ikertu eta Garatzeko Nafarroako Fundazioko (FideNa) ikertzaileek, azken hiru urteetan, egin dituzten argazkirik onenak erakusten ditu. BIldumaren izenburua "Txikiaren fantasia. Munduaren azpiko mundu harrigarria" da, eta datorren otsailaren 29ra arte egongo da ikusgai Sarion. Gero Osasun Zientzien eraikinean erakutsiko da, martxoan, eta azkenean Tuterako campusean (apirilean eta maiatzean).

Argazkiotan edertasuna, teknika eta irudimena batzen dira, eduki bitxiak eta bakanak lortuz, eta oso egokiak dira zabalpenerako. Mikroskopio elektronikoak mikra bat baino txikiagoak diren objektuen irudiak lortu ditu. Erakusketa bisitatuz gero, gauza harrigarriak ikusten dira: zuhaitz bat dirudiena eguzki-plaken eraginkortasuna hobetzen duen nano-patroi bat da, eta izarrak urrezko partikula ñimiñoak dira, zeinekin gaixotasunak, uraren kalitatea edo elikagaien egoera oso azkar atzematen dituzten nano-biosentsoreak garatzen baitira. Hitz batez, erakusketak ikusten dugun munduaren azpian dagoen munduak dauzkan aparteko aukerak erakusten ditu.

Erakusketan ikusten diren argazkietako batzuek saria lortu dute Fidenak urtero antolatzen duen mikrografia-lehiaketetan. Lehiaketa honen laugarren edizioa izango da aurten, 2012an.

Nafarroako Garapen Elkarteak (Sodena), Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Principia Technology Group Inc elkarteak osatzen dute Nanoteknologia Ikertu eta Garatzeko Nafarroako Fundazioa (FideNa). Azken hau Massachussets Institute Technology-ko irakasle talde batek eratu duen elkarte estatubatuarra da. FideNak Centro Principiatech Navarra du NUPen, nanoteknologiaren ikerketan eta garapenean erreferentzia bihurtzeko asmoa duena nazio mailan.