Joan eduki nagusira

zoom Gerardo Pisabarro Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedraduna.

Gerardo Pisabarro Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedraduna.

Gerardo Pisabarro de Lucas Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedraduna “Applied and Environmental Microbiology” aldizkari zientifikoko argitalpen kontseiluko kide izendatu dute. Mikrobiologiaren Amerikar Elkarteak (American Society for Microbiology) argitaratzen du aldizkaria, izan ere, gai horren inguruko munduko elkarte nagusiak. Argitalpena aipatuenetakoen artean dago ingurumeneko mikrobiologiaren edo mikrobiologia aplikatuaren (industriala eta bioteknologia) eremuan, eta azken mendean eragin handiena izan duten ehun aldizkari zientifikoen artean sailkatua dago, Special Libraries Association (SLA) liburuzainen eta informazioaren profesionalen nazioarteko elkartearen arabera.

“Applied and Environmental Microbiology” aldizkaria lehen postuan dago Mikrobiologia eta Bioteknologia eta Mikrobiologia aplikatuko sailkapenetan aipu kopuruari dagokionez; izan ere, 78.000 aiputik gora ditu urteko, eta lehen eta bigarren postuan, hurrenez hurren, bi sailkapenetan, Eigenfactor adierazlearen arabera. Adierazle horrek Journal Citation Report aldizkarian sartzen diren argitalpen zientifikoen eragina edo oihartzun globala neurtzen du, hark jasotzen baitu artikuluen inpaktu faktorea (artikuluek beste aldizkari batzuetan duten aipu kopurua). Argitalpen Kontseiluko kide gisa, ikertzaileek igortzen dituzten artikulu zientifikoen egokitasuna eta kalitatea ebaluatzeaz arduratuko da, aipatu aldizkarian argitaratzeko baimena eman aurretik.

Gerardo Pisabarro Biologia Zientzietan lizentziaduna da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean eta Zientzietan doktorea Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Nafarroako Unibertsitate Publikoan sartu zen 1992an, doktoretza ondoko egonaldiak egin ondoren Alemanian (Landare-Hobekuntza Genetikoko Koloniako Max-Planck Institutua eta Garapenaren Biologiako Tubingako Max-Planck Institutua), eta Kanadan (Victoriako Unibertsitatea).


Ikerketa proiektuak


Gerardo Pisabarro Genetika eta Mikrobiologiako ikerketa taldeko kidea da. Lucía Ramírez Nasto katedradun doktorea da, taldeko zuzendaria, eta Genetika eta Genomika tekniken aplikazioan espezializatua dago; jateko onddoen hobekuntza genetikoa eta gizakien patologietan eragiten duten geneen identifikazio prozesuan aplikatzen dira, besteak beste. Urte honen hasieran, ikerketa taldeak beste proiektu bat hasi du I+G+b Plan Nazionalak finantzatua, onddoen genoman dauden elementu genetikoen analisia eta horien eragina ikus daitezkeen onddoaren ezaugarri produktiboetan. Sistema eredu gisa modu industrialean hazten den ostra perretxikoa (Pleurotus ostreatus) erabiltzen dute. Pisabarro irakasleak parte hartzen duen taldeak onddo honen genoma sekuentziatzeko nazioarteko proiektua koordinatu du, onddoetan transkriptomika konparatuko nazioarteko proiektu bat koordinatzen du, eta genomika, metagenomika eta metatranskriptomikako beste proiektu batzuetan parte hartzen du. Izan ere, lankidetza iraunkor eta aktiboan jarduten du Kaliforniako Joint Genome Instituterekin (Estatu Batuetako Energia Departamentuaren mendeko sekuentziazio institutu bat). Genetika eta Mikrobiologia ikerketa talde horrek I+G+b Plan Nazionalaren eta eskualdeko (Euroinnova Nafarroa) eta nazioarteko (Community Sequence Projects) proiektuen finantzaketa jaso izan du, bai eta ikerketa kontratuen kargurako enpresena ere.