Lourdes Goicoechea, Gonzalo Sáenz de Miera (ezk.), Alfonso Carlosena eta Ignacio Contínekin batera, biltzarraren inaugurazioan
Ehun bat espezialista bilduko dira gaurtik, osteguna, urtarrilak 26, Iruñean energiarekin lotutako gaiak aztertzeko ekonomiaren ikuspuntutik; adibidez, energiaren eskaera eta eskaintza, energia sektoreen araubide ekonomikoa, politika publikoen ebaluazioa, energiaren enpresen eta merkatuen antolamendua eta egitura eta eraginkortasun energetikoa aztertuko dira. Izan ere, Energia Ekonomiarako Espainiako Elkartearen VII. Biltzarra da. Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin batera antolatu da, Baluarte Nafarroako Biltzar-jauregi eta Entzunaretoan egingo da eta, bihar, ostiralean amaituko da Alberto Lafuente Félez Energiaren Batzorde Nazionaleko lehendakariak emango duen hitzaldiarekin.
Gaur goizean egin da irekiera ekitaldia, eta bertan parte hartu dute Lourdes Goicoechea Zubelzu Nafarroako Gobernuko Landa Garapena, Industria, Enplegua eta Ingurumeneko kontseilariak; Alfonso Carlosena García Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketarako errektoreordeak; Gonzalo Sáenz de Miera Cárdenas Energia Ekonomiarako Espainiako Elkartearen (AEEE) lehendakariak; eta Ignacio Contín Pilart Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta biltzar honen Batzorde Antolatzaileko buruak.
Energia Ekonomiarako Espainiako Elkartea 2004an sortu zen eta International Association for Energy Economics (IAEE) elkartearen filiala da; izan ere, energia ekonomiaren alorrean interesa duten profesionalen artean ideiak trukatzeko foro bat da. Bere helburuen artean daude diziplina zientifiko hau hedatzea eta gizarteari erakustea eta, horretarako, urtero antolatzen du biltzar bat, gaiaren inguruan dagoen irakaskuntza ikerketari buruzko eztabaida foro izan dadin. Iruñean egingo den edizio honetarako, Nafarroako Gobernuaren, Banca Cívica-Nafarroako Kutxa, Acciona eta Cener erakundeen babesa du, eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren eta Orkestra-Lehiakortasun Euskal Institutuko Energia Katedraren lankidetza dauzka.
Biltzarra hainbat saio paraleloz osatua dago, eta horietan, ikertzaileek igorritako komunikazioen artetik, batzorde zientifikoak aukeratutako 28 komunikazio aurkeztuko dituzte, eta gonbidatutako hizlariek osoko bilkurak eta saio akademikoak eskainiko dituzte. Honako hauek dira ikertzaileak: Aad Correljé, Delft University of Technologykoa (Holanda); Massimo Filippini, Zuricheko Teknologia Institutukoa (Suiza); Roger Fouquet, BC3-Basque Centre for Climate Change zentrokoa (Euskadi); eta Michael Pollitt, Cambridgeko Unibertsitatekoa (Erresuma Batua).
Mahai-ingurua energia berriztagarriei buruz
Biltzarraren xedea, hasieratik, izan da unibertsitatearen, arautzaile publikoen eta enpresen arteko harremanak estutzea ahalbidetzen duen esparrua eskaintzea. Energia berriztagarrien garapenean Nafarroa erkidego aitzindaria denez gero, edizio honetan energia berriztagarriak sustatzeko eta haiek arautzeko mahai-inguru bat egingo da, eta bertan enpresaren esparruko, esparru arautzaileko eta akademikoko ordezkaritza egongo da. Mahai-ingurua gaur, osteguna, hasiko da, 15:30ean, eta honako hauek parte hartuko dute: José Javier Armendáriz CENER- Energia Berriztagarrien Nazio Mailako Zentroko zuzendari nagusia; Hugo Lucas sortu berri den Energia Berriztagarrien Nazioarteko Agentziako (IRENA) Ahalmen Eraikuntza eta Politikei buruzko Aholkularitza Zerbitzuetako zuzendaria; Luis J. Sánchez de Tembleque Energiaren Batzorde Nazionaleko (CNE) Energia Elektrikoko zuzendaria; Santiago Gómez Ramos Accionako Energiaren Kudeaketa zuzendaria; eta Eloy Álvarez Pelegry Orkestra-Lehiakortasun Euskal Institutuko Energia Katedrako kidea. Pablo del Río Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiko (CSIC) Giza eta Gizarte Zientzien Zentroko kideak koordinatuko du hitzaldia.
Gainera, saio paraleloetan gai hauek aztertuko dira, besteak beste: energiaren eskaerari buruzko azterketa enpirikoak; energia berriztagarrien eta auto berdeen sustapena; energiaren eta ingurumenaren arteko harremana; elektrizitate merkatuaren egitura eta funtzionamendua; erregaien merkatuak; eta energiaren eraginkortasuna, dibertsifikazioa eta kontsumoa.
Alberto Lafuente Félez Energiaren Batzorde Nazionaleko lehendakariak bihar, 12:45etik aurrera eskainiko du itxiera hitzaldia, energiaren sektoreak arautzeko erronkei buruzkoa.