Eduardo Arroyo artista eta eskultore madrildarrak gaur, urtarrilaren 25ean, asteazkenean, 19:00etan, emango du bere sormen-esperientziari buruzko bigarren hitzaldia. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Jorge Oteiza katedrak antolatu du zikloa. Nafarroako Museoan ematen ari diren saio hauek “Zeharkako ikuspegiak” zikloan sartzen dira. Beren xedea da, hainbat autore garaikideren bidez, aztertzea zergatik nortasun sortzaile bera aritzen den hainbat praktika edo generotan barna.
Gaurko hitzaldiaren izenburua "Letrak" da, eta atzo "Arteak" izenburupean eman zuenaren ondotik dator. "Eskuz esku" izeneko ziklorako sarrera doakoa da, Nafarroako Museoko Ekitaldi Aretoa bete arte.
Idazle izateko 1958an Parisera joan zen kazetaria da Eduardo Arroyo (Madril, 1937), eta bere lehen bokazio hori bete du. Izan ere, hamar bat liburu argitaratu baititu gai askori buruz, makina bat artikulu, manifestu batzuk eta antzezlan bat, "Bantam", zeina Múnicheko Residenztheater-en jokatu baitzen lehen aldiz Klaus Michael Grüberren zuzendaritzapean.
Literatura-ekoizpen handi honek balio erantsi bat izan zuen, gainera, egileak bere bokazio nagusian, artista plastikoarenean, ari zen bitartean egin baitzuen. Halaber, bere bokazio nagusian nazioarteko karrera egin zuen, eta ez zen pintore izan bakarrik, marrazkilari, grabatzaile, eskultore eta eszenografo ere bai. Nouvelle Figuration delakoaren kide aipagarrienetako bat 1964tik, bere lanaren erakusketak egin ditu Paris, Milan, Erroma, Venezia, Madril, New York, Berlin, Munich eta mundu osoko beste hiri handi askotan.
Frankismoko erbesteratu politikoa, Arroyo ezin izan zen Espainiara itzuli trantsizioa hasi eta handik puska batera arte. Ondorioz, 1980tik aurrera ikusi ahal izan zen bere lana normaltasunez Espainian. Bere ibilbide luzean zehar, aipamen eta sari asko jaso du, horien artean honako hauek, esaterako: Kultura Ministerioaren Arte Plastikoen Sari Nazionala, 1982an, eta Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina, 2000. urtean. Frantziako Gobernuak Arteen eta Letren Zaldun izendatu zuen 1983an.