Joan eduki nagusira

zoom Julio Lafuente López errektorea, Eloísa Ramírez Vaquero Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordearekin batera.

Julio Lafuente López errektorea, Eloísa Ramírez Vaquero Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordearekin batera.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere 25. urteurrena ospatuko du gizarte osoarentzako programazio ireki eta "zorrotz" baten bidez, Julio Lafuente López errektorearen hitzetan. Hala, egingo diren ekitaldien artean aipatzekoak dira erakunde-ekitaldi bat apirilaren 27an (Unibertsitatearen Eguna), Ikasle Ohien I. Topaketa urrian eta zientzia-gaiei buruzko eztabaida jardunaldi batzuk, “Conversaciones-Solasaldiak” izenburua dutenak, udazkenean. Horretaz gainera, hiru campusetan eta Iruñeko hainbat erakusketa-gunetan egingo den erakusketa bat antolatu da; logotipo bat diseinatu da; eta Ohorezko Batzorde bat eratu da. José Ignacio Wert Ortega Hezkuntza ministroa izango da batzordeburua eta Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuak eta Iruñeko eta Tuterako udalek osatuko dute.

Gaur, asteartea, hilak 24, eman dira ezagutzera datu horiek Unibertsitatean egin den prentsaurreko batean. Julio Lafuente errektoreak berak eta Eloísa Ramírez Vaquero Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordeak parte hartu dute prentsaurrekoan.

Nafarroako Parlamentuak 1987ko apirilaren 21ean onetsitako 8/1987 Legearen bidez sortu zen Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Foru Erkidegoaren kultura, zientzia eta teknika aurrerapena laguntzeko helburuarekin. Bere sorreraren xedea zen zegoen titulazio eskaintza zabaltzea eta ordu arte hainbat erakunderen mende zeuden ikastegi publikoetan ematen ziren unibertsitate ikasketak biltzea.

Julio Lafuentek gogora ekarri du nafar gizartearen ahaleginaren emaitza izan zela unibertsitatearen sorrera, eta gizarteak, Nafarroako Parlamentuko eta Gobernuko ordezkarien bidez, irakaskuntzaren eremuan aitzindaria —Unibertsitatea Eraberritzeko Legearen (LRU) onespenaren ondoren sortu zen lehenengo unibertsitatea izan zen— eta etorkizuneko apustu estrategikoa izan zen ekimen bat jarri zutela abian.

Aktibo garrantzitsua Nafarroarentzat

Hogeita bost urte geroago, Nafarroako Unibertsitate Publikoa ereduzko jakintza-zentro bat da. Errektoreak esan du nafar gizartearen aktibo garrantzitsua dela, era oso nabarmenean laguntzen baitu jakintzan oinarritutako baliabide produktiboak lortzen: giza kapitala, kapital teknologikoa eta kapital ekintzailea, guztiak ere ezinbestekoak Nafarroa bezalako eskualde lehiakor batentzat, lehiakortasunari eutsi eta hobetu nahi baldin badu.

Julio Lafuentek azaldu du Nafarroako Unibertsitate Publikoak BPGren % 1 sortzen duela eta berari zor zaiola Nafarroako ekonomiak azken hamarkadan izan duen batez besteko hazkunde osoaren % 16 baino gehiago. Halaber, 1,7 euro itzultzen dizkio nafar gizarteari, bere finantzabidean inbertitutako euro bakoitzeko.

Mende laurdena igaro eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoak erronka berriak ditu. Esaterako, Nafarroaren premia berriak, globalizazio eta nazioartekotze prozesuak, Europako Unibertsitate Eremuak sortutako eskaera berriak eta Zaragoza, Errioxa eta Lleidako Unibertsitateekin partekatutako Iberus proiektuan Bikaintasun Campusa izatea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak gure ingurunearen ekonomia eta gizarte garapenean betetzen duen funtsezko zereginaren ildotik, irakaskuntza-erakundeak 25. urteurrena ospatzeko ekitaldi programa bat antolatu du. Julio Lafuentek jakinarazi du Unibertsitateak ezin duela saihestu daukagun krisi ekonomikoa eta horregatik programazio zorrotza prestatu dela unibertsitatearen baliabide eta ahalmenen baliatze handiena eginez.

Ildo honetan, Unibertsitateak aitortu nahi izan du, nolabait, Nafarroako erakunde nagusiek emandako laguntza, eta Ohorezko Batzorde bat sortu da. Hezkuntza ministroa da batzordeburua eta Nafarroako Gobernuko, Nafarroako Parlamentuko eta Iruñeko eta Tuterako Udaletako ordezkari gorenek osatzen dute.

Gizarteari irekitako ekitaldiak

Ekitaldiak unibertsitate komunitate osoari eta oro har gizarteari zuzenduta daude, Eloísa Ramírez Vaquero errektoreordearearen arabera, eta abendua arte egingo dira. Hurrengo otsailean abian jarriko da Uniberts-Soziala Urratsez Urrats ekimena (Unibertsitate Osasungarri, Solidario eta Berdinzalea), Unibertsitateak azken 25 urte hauetan esparru honetan egindako lana erakutsi eta unibertsitate komunitateko kideak parte hartzera animatzeko gai horiekin lotutako proposamenekin. Apirilaren 23tik maiatzaren 11ra arte, proposamen horiek Arrosadiko campuseko Ikasgelategian egingo den erakusketa batean egongo dira erakusgai, baina jarduera parte-hartzailea martxoko azken astean egingo da.

Halaber, otsaila eta martxoa bitartean egingo da unibertsitateko ikasleentzako Eztabaida Liga. Hiru modalitate izango dira: Unibertsitatearena berarena, Unibertsitateen 9 Taldearena eta Iberus Campusarena. Azken hau lehenengo aldiz egingo da.

Programazioari jarraiki, martxoan, Ateak Zabaltzeko Egunak egingo dira, Fakultate eta Eskolekin lankidetzan, eta Ikasgelategian Unibertsitatearen 25. urteurrenari buruzko erakusketa bat egingo. Maiatzean Tuterako campusean egingo da, eta irailean Osasun Zientzien eraikinean (Barañain etorbidean, Iruñean).

Apirilaren 27an, Unibertsitatearen Eguna ospatuko da, erakunde-ekitaldi garrantzitsuena.

Ekainean, berriz, Gizarte Kontseiluak ikasle ohiei buruzko topaketa bat egingo du. Eta udako hilabeteetan (uztaila eta abuztua) udako ikastaroak egingo dira.

Irailean, Unibertsitatean egingo da CRUEren (Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentzia) Unibertsitateetako Ingurumen Kalitaterako, Garapen Jasangarrirako eta Arriskuei Aurrea Hartzeko (CADEP) Arloko Batzordearen bilera. Hilabete horretan bertan egingo dira, halaber, ikasle berrien harrera eguna, ikasle berrien gurasoentzako eguna, Kalkulu Zentroari buruzko erakusketa bat, eta Nafarroako Parlamentuarekin lankidetzan antolatu diren eta “Conversaciones-Solasaldiak” izenburua duten jardunaldi batzuen hasiera. Goi mailako lau eztabaida saio egingo dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile eta proiektu entzutetsuen jopuntu diren gaurkotasuneko gaiei buruz.

Urrian, Ikasle Ohien I. Topaketa egingo da, Sormen Sarien deialdia kultura modalitate ezberdinetan, hala nola literatura eta musika, eta zinema ziklo bat.

Azkenik, azaroan, Unibertsitate-Gizarte Fundazioak topaketa bat antolatuko du enpresa eta erakundeekin eta Gizarte Kontseiluak bilera bat egingo du bere kide ohiekin. Zientziaren Asteak hainbat zientzia topaketa izango ditu eta amaiera jarriko die Unibertsitatean egingo diren jarduerei.

Horretaz gainera, hainbat kultura-ekitaldi egingo dira Iruñeko Udalarekin lankidetzan.

25. urteurrenaren berri emateko prestatutako komunikazio planaren harira, logotipo bat diseinatu da, dagoeneko hainbat euskarritan erabiltzen dena, eta komunikazio-tresnak erabiliko dira, sare sozialak esaterako.