Paula Hermoso de Mendoza Arteaga izan da tablet ordenagailu baten zozketaren irabazlea. Nafarroako Unibertsitate Publikoko azken gogobetetasun inkesta erantzun duten 2.722 ikasleren artean egin da zozketa. Galdetegia abenduaren 12tik 22ra bitartean egin da, eta bertan zikloetako, graduetako eta masterretako lehen lauhilekoko edo seihilekoko irakasgaiak balioesten dira. Ekimen honetan parte hartzeko deituta zeuden ikasleen multzo osotik, inkesta egin dute % 38k; izan ere, egin zen azken inkestarekin alderatuz gero, % 13 gehiagok.
Tableta Paula Hermoso de Mendoza Arteaga Zuzenbidea-EAZ titulazio bikoitzeko lehen mailako ikasleari emateko ekitaldian María José Asiáin Unibertsitateko Irakasleen Gaietarako errektoreordeak hartu du parte.
Inkesta anonimoa da, eta bertan, ikasleek eskolen garapenari dagokionez duten asebetetasuna balioesten da. Inkestaren helburua da Unibertsitateak nahikoa informazio biltzea eskaintzen duen irakaskuntzaren kalitateari buruz, gero hobekuntzak egiteko. Irakasleen Gaietarako Errektoreordetzak sustatu duen galdeketa honek Unibertsitateko Informatika Zerbitzuaren eta Kalitate Unitatearen lankidetza du.
Inkesta borondatezkoa da, eta laugarren urtez jarraian, era telematikoan betetzen da Ikaslearen Atariaren bidez. Atari hori Unibertsitatearen webgunean dago, eta ikasle bakoitzak bere sarrera-gakoa dauka. Sistema honek duen abantaila da askoz ere azkarragoa eta ekonomikoagoa dela, eta ikasleek egin ditzaketen iradokizunak eta iruzkinak zuzenean igortzen zaizkiola irakasleari.
Inkesta hauetan parte hartzen dutenek hainbat ataletan erantzuten dute galdera orokorren bidez (tutoretzen erabilera, NireIkasgelategia plataformaren erabilera, e.a.) eta irakasgaia/taldea balioestea ardatz duten beste galdera espezifikoen bidez. Hori guztia galdera ireki batekin osatzen da, aurreko galderetako baten bat zehazteko aukera ematen duena, eta beste atal batekin, iradokizunak egiteko aukera ematen duena.
Irakasleek ikasturteko eskolak amaitzean ezagutzen dituzte galdeketaren emaitzak. Irakasle bakoitzak erdietsitako emaitzak sail bakoitzak osotasunean erdietsitako emaitzekin alderatzen ditu Unibertsitateak. Horri dagokionez, kontuan hartu behar da irakasle bakoitzak, ematen duen irakaskuntzaren ebaluazio bikaina lortzeko, emaitza positiboa lortu behar duela ikasleei egindako gogobetetasun inkestan.