Joan eduki nagusira

zoom Ikasleak liburutegian

Ikasleak liburutegian

NUPeko Gobernu Kontseiluak berriki onetsi du ebaluazio-araudi berria. Araudi horrek Gradu eta Masterreko ikasleen ikaskuntza ebaluatzeko eta beren kalifikazioa zehazteko prozesuak ezartzen ditu. Xedapen hauek Unibertsitateko Ikasleen Estatutuari buruzko Errege Dekretuak xedatutakoari jarraitzen diote. Dekretuaren arabera, ikasleen irakaskuntza errendimendua ebaluaziorako irizpide publiko eta objektiboak erabiliko dira eta ebaluazio jarraiturantz joko da.

Aipatu arautegian jasotzen dira, besteak beste, ikasleen eskubideak eta betebeharrak ebaluazioari buruz, kalifikazio sistema, ebaluazio motak eta kalifikazioak eta erreklamazioak berrikusteko prozesuak.

Arautegiak arautzen duen kapituluetako bat iruzurrezko bitartekoen erabilera da. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gradu eta Masterreko ikasleek Zintzotasun Akademikoaren Adierazpen bat sinatuko dute lehenengo matrikulan, eta Adierazpen horren bidez ebaluazio probetan eta irakaskuntza lanetan iruzurrezko bitartekoak ez erabiltzeko konpromisoa hartzen dute. Aipatu adierazpenak jasotzen du ikasleak ezagutzen dituela Unibertsitateak, kasua bada, ezar diezazkiokeen zehapenak, bere eskubideak defendatzeko aurkezteko aukera duen errekurtsoak edo beste eskari batzuk galarazi gabe.

Arautegiaren arabera, ebaluazio proba batean iruzurrezko bitartekoak dira irakasleek baimendu gabeko materiala erabiltzea edo beste pertsona batzuekin informazioa lortzeko edo trukatzeko baimendu gabeko zeinahi ekintza. Kasu hauetan, ikasleak gutxiegi kalifikazioa jasoko du eta deialdi horretan irakasgaia suspendituko du. Horretaz gainera, zehapena izango du, aurretiaz diziplina-espedientea irekita.

Arautegia ez die aipamena egiten azterketei bakarrik, irakaskuntza-lanetan iruzurrezko bitartekoen erabilerari ere bai, hala nola plagioa eta jatorrizkoa ez den materiala erabiltzea (irakasleek baimendutakoa salbu), Interneten bidez eta nondik datorren berariaz aipatu gabe lortutako materiala barne. Kasu hauetan, ikasleak gutxiegi izango du lan horretan eta deialdi horretan irakasgaia suspendituko du, eta zehapena ere izango du, aurretiaz diziplina-espedientea irekita. Izan ere, arautegiak jasotzen du lanetan iruzurra automatikoki atzemateko informatika tresnak erabiltzeko eskubidea duela Unibertsitateak.

Ikasleen eskubideak

Arautegiak jasotzen dituen ikasleen eskubideen artean aipatzekoak dira ebaluazio-arauei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea eta ebaluazio objektiboa izateko eskubidea, eta, ahal den guztietan, jarraitua, irakaskuntza eta ikaskuntzako metodologia aktibo batean oinarritutakoa.

Irakaskuntza gida ikasleek duten erreferentziako oinarrizko agiria da, bertan irakasgai bakoitza ebaluatzeko irizpideak eta jarduerak jasoko baitira, eta, halaber, aurreikusi diren ezagutzak eta gaitasunak nola eskuratu diren ebaluatzeko baldintzak eta mekanismoak. Esaterako, betebeharreko baldintza espezifiko batzuk bilduko ditu, adibidez ondoko hauek: azterketak edo bestelako probak egitea, eskola praktiketako gutxieneko ordu-kopuru jakin batera joatea, lanak, proiektuak, laborategiko praktikak edo Practicuma derrigorrez egitea edo mintegietan parte hartzea. Eskola teorikoetara joatea ez da inoiz izango irakasgai bat gainditzeko betekizuna, nahiz eta eskola teorikoetan aktiboki parte hartzea azken kalifikazioa ezartzeko garaian modu positiboan eragin.

zoom Ikasleak Arrosadiko campusean

Ikasleak Arrosadiko campusean

Halaber, irakasgai bakoitzean, irakaskuntza-seihileko bakoitzaren amaieran, eta irakaskuntza-alditik kanpo, errekuperazioko ebaluazio proba bat egingo dela ezartzen du. Bere helburua da bigarren aukera bat ematea ikasleari, irakasgaia seihileko berean gainditzeko, seihilekoan zehar saiatu denean, arrakastarik gabe, irakasgaia gainditzen, irakaskuntza aldian programaturiko ebaluazio-jardueretan parte hartuz.

Halaber, desgaitasuna duten ikasleek dituzten behar berezietara egokitutako ebaluazio sistemak ezartzen ditu, eta horrek ez du murriztuko eskatzen den irakaskuntza maila.

Noten konparazio-eskala

Horretaz gainera, irakasgaiko irakaskuntza gidan jasotako ebaluazio jarduera bakoitzeko kalifikazioa jakiteko eskubidea du ikasleak. Eta irakasgaiko behin-behineko kalifikazioa jakinaraziko da, gutxienez ere, errekuperazio-ebaluaziorako jarritako eguna baino hiru lan egun lehenago.

Kalifikazioak 0tik 10era artekoak izango dira, hamarren batekin, eta ez gainditutik Ohorezko Matrikulara arte. Aipamen hori jasotzeko, ikasleak 9ko nota edo goragokoa izan beharko du. Irakasleak emango dituen Ohorezko Matrikulen kopuruak ezin izango du matrikulatutako ikasleen % 5 baino handiagoa izan, 20 ikasle baino gutxiago matrikulatu direnean izan ezik; kasu horretan, bakar bat emateko aukera dago.

Kalifikazioen alderaketa eta gardentasuna ahalbidetzeko, ECTS eskala izeneko eskala izendatua jarriko da, ebaluaziora aurkeztutako ikasle kopuruak horretarako bidea ematen badu, betiere. Hala, zenbakizko kalifikazioarekin batera A letra jarriko da irakasgaia gainditzen duten nota hoberenen % 10en artean dagoenean; B letra, hurrengo % 25en artean dagoenean; C letra, hurrengo % 30en artean dagoenean; D letra, hurrengo % 25en artean dagoenean; E letra, hurrengo % 10en artean dagoenean; eta F letra letrak adierazten du irakasgaia ez dela gainditu. FX kalifikazioak adierazten du gainditzetik hurbil dagoela, eta F kalifikazioak, berriz, gainditzetik urrun dagoela.

Azkenik, arautegiak ezohiko irakaskuntza-emaitzak aipatzen ditu. Irakasgaietan ez gaindituen kopurua hurrenez hurreneko bi irakaskuntza seihilekotan aurkeztutako ikasleen % 75ekoa edo handiagoa denean, Ikastegiko Kalitatearen Berme Batzordeak berrikusiko ditu, batzorde horrek baitauka, Fakultate eta Eskoletan, irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuetako kalitatea bermatuko duten tresnak berrikusteko eta hobetzeko ardura. Era berean, aipatu batzordeak ofizioz berrikusiko ditu irakasgaiak, irakasgai horiek aurkeztutako ikasleen % 95 baino handiagoko gainditu kopurua edo gaindituen kalifikazio lerruna puntu batekoa edo txikiagoa baldin badute. Ikastegiko Kalitatearen Berme Batzordeak txosten orokor bat egingo du urtero titulazio bakoitzeko, irakasgai guztien ebaluazioen emaitzei buruz. Txosten horretan, titulazio bakoitzeko errendimenduaren adierazle orokorrak jasoko dira eta titulazio bakoitzaren definizioan jarritakoekin alderatuko dira, bai eta beharrezkotzat jotzen diren hobekuntza jarduerak proposatu ere, kasua bada.