Nafarroako Unibertsitate Publikoak astelehen honetan, urtarrilaren 9an, irekiko du 12 kultura-ikastarotan inskripzioa egiteko epea. Osotara 200 ikaspostu eskainiko dira ikastaro horietan. Denbora errealean bideosorkuntzan hastea, Jazza XXI. mendean, jendaurrean hitz egitea edo oihaneko sekretuak ikertzea dira programa honetan proposatutako gaietako batzuk. NUPeko Gizarte eta Kultura Proiekziorako Errektoreordetzak prestatzen du urtero programa hori. Unibertsitate komunitateko kideak ez direnentzat inskripzioa egiteko epea aste bat geroago irekiko da, urtarrilaren 16an.
Matrikula Kultura Jardueren Atalean, Ikasgelategiko 019. gelan, edo Tuterako campuseko Argibide Bulegoan egin behar da, 8:30etik 14:30era bitartean. Ikastaroak gutxienez ere 10 ordukoak eta gehienez ere 20 ordukoak izango dira, eta saio kopurua 4tik 6ra bitartekoa, aukeratutako jardueraren edukiak zein diren.
Interesa dutenek eskaintza honi, egunei eta prezioei buruzko informazio gehiago eskuratzeko aukera dute Kultura Jardueren Bulegoan, 948 168972 eta 948 168478 telefono-zenbakietara deituz; actividades.culturales@unavarra.es posta elektronikoko helbidera mezua bidaliz; eta http://www1.unavarra.es/cultura web-orrialdean, eta hortik programa osoa behera kargatzeko aukera dago.
12 ikastaroak zazpi gelatan banatuta daude: Euskara, Ondarea eta Arte Plastikoak, Musika eta Arte Eszenikoak, Komunikazioa, Irudia eta Soinua, Zientzia eta Teknologia, eta Gastronomia. Zehazki, ikastaro hauek osatzen dute eskaintza: Euskaraz: buru mapak, ideiak antolatzea eta sortzea (mind-mapping)”, "Jendaurrean hitz egitea" eta Oihaneko sekretuak ikertzea". Gainerako geletan: Pintura (III) (Tuteran), Txinara hurbiltzeko saioa: zinea eta sukaldaritza, Vijeeing: denbora errealean bideosorkuntzan hasteko lantegia, Jazza XXI. mendean, Jendaurrean hitz egitea (oinarrizkoa) (II), Irakurketa kluba (II), Zinema dokumentala: sarrera praktikoa, Photoshop eta Bizirauteko sukaldaritza osasungarria (II).