“Nuevas aportaciones sobre la recristalización de hojas de aluminio 1050 procedentes de esbozos de colada continua y de laminación caliente” da Francisco Javier Pérez-Ilzarbe Úriz 80 urteko iruindarrak Nafarroako Unibertsitate Publikoan defendatu duen doktoretza tesiaren izenburua. Bikain cum laude kalifikazioa erdietsi du.
Pérez-Ilzarbe Kimika Zientzietan lizentziaduna da Madrilgo Zientzien Fakultatean, eta, 1957tik 1994ra arte, Industria Navarra de Aluminio SA (Inasa) enpresan egin zuen karrera profesionala. Erretiroa hartu arte hainbat erantzukizun-postu izan zituen aipatu enpresan.
Inasa enpresako ibilbide profesionala amaitu zuen urtean (1994), Nafarroako Unibertsitate Publikoko Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko Materialen Zientzien Arloan elkarlanean hasi zen. 2004. urtean hasi zuen orain defendatu duen eta Javier Fernández Carrasquilla Materialen Zientzietako eta Metalurgiako Ingeniaritzako irakasleak zuzendu duen doktoretza tesia.
Pérez-Ilzarbek defendatutako doktoretza tesiaren aztergaia honako hau da: bi lehengai motarekin egindako purutasun komertzialeko aluminiozko xafla mehen amaierako suberaketan gertatzen den birkristaltze fenomenoa. Horietako bat isurketa jarraituaren bidez lortutako banda da. Bestea beroko ijezketaren bidez lortzen den banda da.
Pérez-Ilzarbek bere lanean aztertzen ditu birkristaltzearen fenomenoa eta bere ondorioak, lehengai batekin edo bestearekin lortutako xafla mehen arteko aldeengatik. Isurketa jarraituko banda lortzeko kostuak txikiagoak dira banda beroko ijezketaren bidez egiteak dituen kostuak baino, nahiz eta isurketa jarraituko bandaren bidez lortutako xafla mehen kalitatea ez den egokia aplikazio batzuetarako. Isurketa jarraituko banda beroko ijezketako bandaren kalitate maila bereko material bihurtzeko prozesuan tratamendu termikoen sarrera aztertu du tesiak emaitza onekin.
Lanbide eta ikerketa ibilbidea
Francisco Javier Pérez-Ilzarbe esperientzia handia du ikerkuntzan. Inasa enpresan Laborategiko eta Kalitate Kontroleko burua izan zen, estrusiorako totxoen isurketa-instalazioetako Produkzio burua, eta, azkenik, Ikerketa eta Garapeneko zuzendaria (1980-1994). NUPeko Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan ikerketa proiektuetan lankidetzan aritu da hiru enpresa nafarrekin eta aldizkari zientifikoetan argitaratutako hamar artikuluren egilea edo egilekidea izan da.