Nafarroako Unibertsitate Publikoak hasiera eman dio asteazken honetan, abenduaren 14an, Klaustrorako hauteskunde kanpainari. Hauteskundeak abenduaren 22an izango dira. Hauteskunde Batzordeak behin betiko aldarrikatu ditu unibertsitateko komunitateko arloek aurkeztu dituzten hautagaitzak. Hautagaien zerrenda osoa Unibertsitatearen webguneko ondoko esteka honetan dago: http://www.unavarra.es/elecciones_claustro2011.htm. Gogoratu behar da Unibertsitateko Klaustroa dela unibertsitateko komunitatearen ordezkaritza erakunde gorena; 120 kidek osatzen dute eta lau urtetan behin berritzen da, ikasleen arloa izan ezik, hori bi urtetan behin berritzen baita.
Hauteskundeetarako deialdiaren ebazpenak ezartzen zuen hauteskunde kanpaina abenduaren 14ko zero orduetan hasi eta abenduaren 20an, asteartean, bukatuko zela. Era berean, botoa postaren bidez emateko eskaera aurkeztu duten unibertsitateko kideek, eskubide hori betetzeko abenduaren 14tik 21era arteko epea dute.
Hauteskunde-eguna egingo da abenduaren 22an, 11:00etatik 18:00etara, etenik gabe, Tuterako campuseko eta Iruñeko Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako (Barañaingo etorbidea) hauteskunde mahaietan izan ezik, haietan bozketa-orduak 12:00etatik 17:00etara izango baitira. Hautagai hautetsien behin betiko aldarrikapena, erreklamazioak aurkezteko epea ireki eta gero, ez da izango 2012ko urtarrilaren 11a baino lehen.
Guztira, unibertsitateko komunitateko 9.675 kide deituta daude prozesu honetan parte hartzeko. Haietatik, multzo ugariena ikasleek osatzen dute (8.066). Beste alde batetik, irakasle eta ikertzaileak 1.118 kide dira (421 doktore eta 697 ez doktore eta kontratupeko irakasle eta ikertzaile), eta administrazio eta zerbitzuetako langileak 491 dira.
Honako hauek dira Klaustroa osatzen dutenak: errektorea, klaustroburua ere badena eta 120 klaustrokide; horietatik 71 lotura iraunkorra duten irakasleak dira, 13 aurreko kategorian sartzen ez diren irakasle eta ikertzaileak, 24 ikasleak eta 12 administrazio eta zerbitzuetako langileak. Halaber, berezko kide gisa idazkari nagusia eta kudeatzailea daude.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuen arabera, Unibertsitateko Klaustroaren eginkizun nagusiak dira, besteak beste, Estatutuak eraberritzea; errektorea aukeratzeko hauteskundeen ohiz kanpoko deialdia egitea; Unibertsitate Komunitateko arartekoa hautatu eta kargugabetzea, eta Gobernu Kontseiluan izango dituen ordezkariak hautatzea.